Eako argazki lehiaketaren argazki gustukoenak aukeratu ditzakete herritarrek
Abenduaren 17ra arte bozkatu daiteke, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz.
2021eko Eako udal egutegia osatzeko lehiaketa martxan daukate, eta urtero moduan, herritarren iritzia kontutan hartuko dute.
Lehiaketan parte hartu gura zutenek, azaroaren 23a arte eduki dute argazkiak bidaltzeko aukera, eta udaletik jakinarazi dutenez, ia 50 argazki jaso dituzte.
Orain, bizilagunek euren argazki gustukoenak aukeratuko dituzte. Aurreko urteetan, Eskolondon erakusketa ipintzen zuten argazki guztiekin, eta aurten, hori posible ez dutenez, argazki guztiekin osatutako kartelak ipini dituzte udalerriko hainbat txokotan. Besteak beste, Eako plazako arkupean, Aritzan, Eskolondon, Natxituko Bolatokian eta Bedaronako frontoian daude ikusgai.
Abenduak 17ra arte [eguena] bozkatu daiteke. WhatsApp bidez, 649 354 834 telefono zenbakira edo posta elektronikoz kultura.ea@bizkaia.org helbidera idatzita eman daiteke botoa. Herritarrek argazki bat baino gehiago bozka dezakete. “Baina argazki bakoitza bakarrik behin bozkatu daiteke, eta Eako Udalak azken hitza hartzen du aukeraketa egiterakoan, herrien arteko parekidetasuna bermatzeko”, gogoratu dute.