Arrantzaleen Museoak jarduera ugari antolatu ditu abendurako
Jarduera guztietarako lekuak mugatuak dira, horregatik, aurretiaz izena eman beharko da.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak jarduera ugari dakartza datozen egunetarako; familia tailerra, bisita gidatuak eta Gabonetako umeentzako tailerrak, besteak beste.
Jarduera guztietarako lekuak mugatuak dira, horregatik, aurretiaz izena eman beharko da 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta edota arrantzaleenmuseoa@bizkaia.org helbidera mezu bat idatzita.
Zapatuan, Gabonetako apaingarriak egiteko familia tailerra egongo da museoan, 16:30ean. Horretan, 4 urtetik gorako umeek parte hartu ahal dute nagusi bategaz. Zapatuko tailerra, hala ere, beteta dago.
Datorren astean, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte museoaren goiko solairuan ikusgai dagoen Akurio eta Elkano 1519-1522 Bizkaitarrak Lehen Munduko Biran erakusketara. Lehenengo bisita gidatua abenduaren 17an (eguena) izango da, 19:00etan, eta bigarrena, berriz, abenduaren 19an (zapatua), 12:00etan. Erakusketaren komisario Xabier Armendarizek berak emango ditu azalpenak.
Hiru egun. Azkenik, eta aurreko urteetan egin modura, Gabonetako oporraldian, hiru egunerako tailerrak antolatu ditu Arrantzaleen Museoak; abenduaren 29tik 31ra, hain zuzen ere. 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerrak dira.
Egun horietan, umeek arrantzaleen munduan murgiltzeko aukera edukiko dutela azaldu dute ekintza didaktiko desberdinak burutuz. Egun bakoitzeko eta ume bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da, eta izena emateagaz batera ordaindu beharko da. Abenduaren 15etik (martitzena) aurrera izena eman daiteke.