Negoziatzeko hainbat gai daudela aldarrikatu dute Haurreskoletako langileek
Langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko neurriak eskatu diote LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek Jaurlaritzari; erantzunik eduki ezean, abenduaren 16rako deitu duten greba deialdia mantenduko dute sindikatuek
Haurreskola Partzuergoko langileen %73k gaurko ditutako greba deialdiarekin bat egin du. Hala adierazi dute grebara deitu duten LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek. Hain zuzen, langileen lan baldintzak hobetzea, haurreskoletarako sarbidea unibertsala eta doakoa izatea eta partzueroa Hezkuntza sailean integratzea eskatu dute, besteak beste.
Elkarretaratzeak egin dituzte hainbat hiri eta herrietan, baita Gernika-Lumon ere. Familia, herritar eta udalen babesa ere izan dutela adierazi eta hori eskertu dute sindikatuek. Partzuergoko gerentearen jokabidea, aldiz, kritikatu egin dute: “Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri ditu, eta hainbat haurreskolatan langilego osoari kendu zaio greba egiteko eskubidea”.
Abenduaren 22rako deitu dute negoziazio mahaia, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin. Dena den, egun horretan landu beharreko gaia –kudeaketako langileen aurreakordioa– ia urtebete sinatu eta bete gabe dagoela salatu dute sindikatuek. Hala, “txantaia eta mehatxurik” onartuko ez dutela adierazi eta negoziazio mahaian honako gaiak ere jorratzeko eskatu diete Partzuergo eta Jaurlaritzako arduradunei. Batetik, ordezkapenak betetzeko eskatu gura dute, baita hezitzaileak mugitzen ibiltzearekin zein aparteko orduen erabilera ezegokiarekin amaitzeko. Bestetik, sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa eskatu dute, Hezkuntza saila irakaskuntzako kolektibo guztietan egiten ari den bezala. Azkenik, eskatu dute Osakidetzak irakaskuntza publikoko langileak COVID 19 birusagatik babesteko materialarekin hornitzen dituen moduan hornitu ditzala Haurreskoletakoak ere. Izan ere, Haurreskoletan eguneroko gastuei aurre egiteko eta jarduera pedagogikoa garatzeko dirurik ez dutela aipatu dute. Aurrekonturik gabe, langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan dagoela nabarmendu dute.
Gauzak horrela, aurrekontua handitzeko eskatu eta dagokion erantzukizuna bete dezala exijitu diote Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari.
Erantzunik jaso ezean, sindikatuek jakinarazi dute abenduaren 16rako greba deialdia mantenduko dutela.