Gernikako Zesta Torneoaren finalaurrekoak jokatuko dituzte bihar
Urko Lekerika gernikarrak eta Julen del Rio gasteiztarrak Beaskoetxea gernikarraren eta Manzi mutrikuarraren kontra jokatuko dute. Hormaetxea-Urtasun eta Antxon-Zabala bikoteen artekoa izango da beste finalerdia.
Profesionaletako bere lehen txapelketa etxean jokatu, eta ezin hobeto hasi du Urko Lekerika gernikarrak. Julen Del Riogaz bikotea osatuta, finalerdietarako txartela eskuratu zuen atzo.
Bihar [abenduak 11] lehiatuko dituzte finalaurrekoak, 18:00etan hasita. Beaskoetxea-Manzi eta Hormaetxea-Urtasun bikoteak zuzenean sartuko dira finalaurrekoetara. Lekerikak eta del Riok Diego Beaskoetxearen eta Mikel Manzisidorren kontra jokatuko dute, eta Alex Hormaetxea bermeoatarrak eta Manex Urtasun irundarrak Antxon Alberdi etxebarritarra eta Jon Zabala markina-xemeindarra izango dituzte aurkari. Beraz, Lekerika edo Beaskoetxea, bi gernikarretako bat ariko da etxeko txapelketaren finalean, abenduaren 18n [barikua].
Final-laurdenak. Jai Alai World Tour zirkuitorako puntuagarria den torneoa atzo arratsaldean hasi zuten. Bi final-laurdenetan berdinketa hausteko set-ak jokatu behar izan zituzten.
Lekerikak eta del Riok Jokin Arbe markinarraren eta Aimar Aldazabal berriatuarraren kontra lehiatu zuten final-laurdena. Lea-Artibaiko puntistei partiduan sartzea kostatu zitzaien, eta lehen set-a galdu zuten (12-15). Bigarrenean, baina, nagusitasunez aritu ziren (15-10). Berdinketa hausteko set-ean, ezustekoa eman zuten etxeko aurrelariak eta atzelari gasteiztarrak, partidua ia galduta zeukatenean markagailua berdintzea lortu eta irauli egin zuten. Arbek eta Aldazabalek finalaurrekoetarako txartela ia eskuetan zeukaten, 4-1 aurretik joan ziren.
Beste finalaurrekoan ere, partidu ona eta emozio askokoa jokatu zuten Antxon-Zabala eta Goenaga-Mandiola bikoteek. Jon Goenaga mutrikuarrarentzat eta Jon Mandiola markina-xemeinarrarentzat izan zen lehen set-a (14-15). Antxon eta Zabalaren alde, 15-13 amaitu zuten bigarrena. Berdinketa hausteko set-ean, 5-3 nagusitu ziren etxebarritarra eta markina-xemeindarra.
FINALAURREKOAK (ABENDUAK 11)
- Beaskoetxea-Manzi VS. Urko-del Rio
- Hormaetxea-Urtasun VS. Antxon-Zabala