Busturiko Berbalagun egitasmoak herriko argazki bilduma osatu gura du
Abenduaren 15era arte batuko dituzte argazkiak, ondoren, Busturiko Udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai.
Busturiko Berbalagun egitasmoak urtea “ondo” agurtu gura du, eta horretarako udalerriko argazki bilduma “polita” osatu gura dute, “elkarbanatzeko”.
Argazkietan Busturia agertu behar da. “Txokorik ederrena, norbaiten momentu magikoa… edozer izan daiteke baina Busturian. Ez dira zertan kalitatezkoak izan behar, baina bai esanguratsuak. Neguko irudiak bilatzen ditugu, gehienetan udara eta eguraldi onera jotzen baitugu, eta negua ere oso polita da”, azaldu du Berbalagun egitasmoko Marimar Hernandezek. Azaldu duenez, gurago dute argazkietan pertsonak nabarmenduta ez agertzea, “horrekin sor daitezkeen arazoak ekiditeko”.
Edozeinek parte hartzeko aukera dauka, ez dauka zertan Berbalagun egitasmoko kide izan behar, ezta busturiarra ere. Parte hartu gura dutenek, 607 60 95 80 telefono zenbakira bidali beharko dituzte argazkiak WhatsAppez. Argazki bakoitzak izenburua eroan beharko du eta argazkilariaren izen-abizenak edota ezizena ere bidali beharko dira. Pertsona bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ahalko ditu. Parte hartzaile guztientzako oparitxo bat egongo dela azaldu du Hernandezek.
Argazkiak abenduaren 15era arte jasoko dituzte. Ondoren, 16tik aurrera, Busturiko Udalaren webgunean (www.busturia.org) jarriko dute bilduma ikusgai. Jasotzen dituzten argazki kopuruaren arabera, denak jarriko dituzte ikusgai edo argazkiekin muntaia bat egitea baloratuko dute; “pentsatuko dugu eguna iristerakoan”.
Barikuetan elkartu. Busturian ere Berbalagun egitasmoa badagoela gogora ekarri gura dute ekimen honen bidez. Astero, barikuetan elkartzen den talde bat sortuta dago; lau lagun eta dinamizatzailea elkartzen dira, 10:30etik 11:30era. Axpen batzen dira Otsozulo gaztetxearen inguruan eta ibilalditxo bat egiten dute ingurutik, “orain beste aukerarik ez dagoelako”. Eguraldi txarra egiten baldin badu, sarean batzen dira.
Busturian beste talde bat sortzea bultzatu gura dute: “Sumatu dugu jendeak ez dakiela berbalagunak Busturian ere batzen direla. Otsailaren amaieran hasi ginen batzen, martxoaren 6an egin genuen aurkezpena eta jarraian itxialdia etorri zen, eta luzatu egin da. Ikasturte hasiera egokitzen saiatu gara, eta bultzada bat emateko argazki bilduma egitearena pentsatu dugu”.