"Hamar abestitan nire bizitzako urterik zailenak kontatzen ditut"
'Ilargiaren Semea 1619' bere lehenengo disko fisikoa kaleratu berri du Xsakara rap kantari bermeotarrak; Bermeoko Kafe Antzokian kontzertu bereziak eskainiko ditu urtarrilaren 23an.
Ilargiaren Semea 1619 disko berria kalean, ze sentsasio?
Fisikoki disko moduan kaleratu dudan lehenengo diskoa da, baina bosgarren proiektu pertsonala da, eta bigarren diskoa euskaraz. Estres handia izan da, buruari bueltaka ibili naiz egunero. Ekainean hasi ginen grabazio lanak egiten, nahiz eta atzean urte bat baino gehiagoko lana dagoen. Azken hilabetea nahikoa kaotikoa izan da COVID-19agatik. Ezin izan dugu mugitu gura genituen lekuetara grabaketak egiteko. Azaroaren 29an atera zen diskoa, 00:00etan. Negarrez hasi nintzen. Oso pertsonala da diskoa, eta bertigoa ematen dit nire bizitza jendeari erakustea. Hala ere, orain, oso pozik nago; oso gustura nago egindako lanagaz.
Nondik dator diskoaren izenburua?
Bi zatitan banatzen da izenburua. Ilargiaren Semea nik neuk nire buruari jarritako ezizena da. 15 urtegaz diagnostikatu zidaten insomnioa. Egunean lauzpabost ordu baino ez ditut lo egiten, orduan ilargiagaz bizi naiz. 1619, berriz, nire bizitzako urterik zailenak kontatzen ditudalako da, 16 eta 19 urte bitartekoak. Hamar abestitan, hortaz, urte horiek laburbildu ditut. Lehenengo zatian, umea den Xabier bat agertzen da; arazoak etxean eta lagunekin, konplexuak, zalantzak… Azken abestian, 19 urte dituen Xabier dago. Txarto egin duena badaki, eta ikuspuntu berria dauka, helduago dago. Abestien ordena istorioagaz bat dator.
Zelan bururatu zitzaizun?
Ez zen nire ideia gauzak horrela egitea. Otsailean lau abesti nituen, eta konturatu nintzen urte horietako momentu desberdinak kontatzen nituela. Orduan, bururatu zitzaidan istorioa modu horretara kontatzea. Alde batetik, bertigo apur bat ematen zidan nire bizitza erakusteak, baina bestetik, jendeak ni artista eta pertsona modura ezagutzeko ondo dagoela uste dut.
Eta zein izan da jendearen erantzuna?
Izugarria izan da. Azaroaren 29an aukeztu nuen Gernika-Lumoko Astran. Han zeuden nire belaunaldiko gazteak, baina baita gurasoak ere; denak zutunik, nire musika entzuten. Adin guztietako jendeari ari zaio heltzen nire musika, eta asko pozten nau horrek. Plataforma digitaletan atera ostean ere, berotasun handia sumatu dut. Babesa sentitu dut, eta zorionak emateko mezu asko iritsi zaizkit.
Kolaborazioz betetako lana da.
Maiatzerako prest nituen hamar abestiak, baina hutsuneak zituzten. Orain arte, inoiz ez dut kolaboraziorik eskatu, eta Instagrametik galdetu nuen: “Nor ikusi gura duzue nire hurrengo diskoan?”. Pilo bat izen eman zizkidaten. Orduan, abesti bakoitzerako hobeen zetozen taldeak aukeratu nituen.
Zeintzuk dira aukeratuak?
Lehenengo abestian nire txikitako lagun Aritz Lertxundik laguntzen dit gitarragaz, makina bat da. Jone Izaolak ere parte hartzen du horretan; ezagunak gara orain dela urte batzuetatik. Trankil abestian Mikelo eta Docec Klik taldea ditut lagun. Saskibaloiko entrenatzaile izan nuen Mikelo, Busturiko bertsolaria da; oso lagunak gara, aurreko diskoan egon zen, eta honetan ere egon behar zen bai edo bai, hobeena da! Hondarribiko Gorpuzkingz taldeak parte hartzen du, berriz, Jairik Jai abestian; abestiaren gaia eta eurak egiten dutena bat datoz. Bermeoko Urgatz taldea ere ezin zen falta. Nire diskoaren produkzio lanak, gainera, Urgatz taldeko Asier Renteriak egin ditu. Nire DJ Monet ere badago beste abesti batean. Tekno estiloko abestia da, eta gustukoa du berak. Dupla taldea ere badago, eurekin beste abesti bat ere egin nuen orain dela urte bat baino gehiago. Maddi Zabalo bertsolari eta abeslariak ere parte hartu du Non daude? abestian. Azken abestian, berriz, hasi berri diren NAZ gernikarrak agertzen dira, diskoa zarratzen dute. Denak prest egon dira, eskertuta. Gustura daude emaitzagaz.
Ez naiz rap kantari estatiko bat, mikrofonoa hartu eta energiaz betetzen naiz.
Deep Sodagaz kaleratu duzu diskoa. Lana errazten al du?
Egia esan, asko laguntzen du. Eurak arduratzen dira egin beharreko kudeaketa guztietaz, bai eta ere plataforma digitaletaz. Oso eskertuta nago, eta asko errazten didate lana.
Zeuk jo duzu eurengana?
Gerlari Kemena abestia Top Gazteako lehen postuan egon zenean, sustatzaileen deiak jasotzen hasi nintzen. Lehenengo deia jaso nuenean pentsatu nuen, horrelako dei bat jasotzeko zerbait ondo egiten ari nintzela; harrituta nengoen. Egun berean, 10 minutura beste dei bat eta ordu batera beste bat. Lagunengana jo nuen, eta aholkuak eskatu nituen. Deep Soda aukeratu nuen, berriak diren arren, potentziala daukatela uste dudalako. Hala ere, beste biei eskerrak emateko deitu nien.
Bermeorako hitzordua dagoeneko zarratuta daukazu.
Hala da, bai. Urtarrilaren 23an Bermeoko Kafe Antzokian egongo naiz. Deep Sodagaz berbetan egon naiz, eta ziurrenez, egun berean bi kontzertu eskainiko ditugu. Bi kontzertu egun berean ematea ikaragarria izango da niretzat, ez, ordea, nire ahotsarentzat. Ez dakigu ordurako zelangoak izango diren indarrean egongo diren neurriak. Hala ere, jende asko animatu daitekeela uste dut. Bermeokoa, gainera, kontzertu berezia izango da. Xsakara rap kantaria naiz, baina lagunartean musika egiteko taldea ere badaukat, Insomnia. Eurak nigaz egotea nahiko nuke, eta kontzertua eurekin hasteko asmoa daukat. Diskoko kolaborazioak ere egongo dira, aztertzen nabil zelan egin daitekeen. Disko berria aurkezteaz gain, beste abestiak ere kantatu nahiko nituzke. Gutxienez, ordu bat eta erdiko kontzertua izango da. Banabil dena prestatzen, berezia izatea gura dudalako. Nire herria da, eta kolpe bat emango dut mahai gainean, musika alorrean zein zuzenekoan. Ez naiz rap kantari estatiko bat, mikrofonoa hartu eta energiaz betetzen naiz. Hasieratik amaierara saltoka ibiltzen naiz. gaur egungo egoeran, hala ere, ez dago feedback-a ikusleen aldetik, jesarrita egon behar dutelako eta maskara jarrita. Ea Bermeon jendeak altxatzeko aukera duen.
Euskal Herrian falta zena egiten ari garela uste dut. Nahikoa atzeratuta joan gara, baina azken urtean, pauso handia eman dugu.
Zer nolako eragina izan du koronabirusak zuregan?
Pertsonalki, oso zaila izan da bi hilabetez etxean sartuta egotea. Martxoa eta maiatza bitartean nahikoa txarto egon nintzen. Baina, musika aldetik, ondo etorri zitzaidan, konfinamendu garaian egin nuen den-dena. Otsailean lau abesti nituen, eta maiatzerako hamarrak zeuden, hutsuneak gordeta. Dena eman dut lan honetan, eta luze egon naiz nire lagunak ikusi barik. Asteburu osoak ematen nituen entseguetan edo grabaketak egiten; 21:00etan amaitzen nuen, eta 22:00etarako etxean egon beharra. Ez dut lagunekin egoteko denborarik izan diskoa kaleratu arte. Koronabirusak gogor eman digu, ea arin amaitzen den.
Zein egoeratan dago euskarazko rapa?
Iazko ekainean kaleratu nuen laugarren diskoa, Bihotzarentzako Pilulak. Osorik euskaraz egin nuen lehenengo diskoa izan zen autotune erabiltzen, trap erritmoetan sartuta… jendeak arraro ikusi zuen. Beti egin ditut euskarazko abestiak, eta jendeak esaten zidan euskaraz ez egiteko, ona ez nintzela esaten zidaten. Egia esan, baloratzen ditut esandako guztiak, motibatzeko balio izan didate eta. Beti esaten nien lanean uzteko, eta horietako asko harrituta geratu ziren atera nuen lanagaz. Euskarazko rapa egiten nabil, eta pozik ari naiz. Hasieratan jendearentzako arraroa bazen ere, gaur egun ohitu egin dira, belarria egin dute. Asko gara orain euskaraz rap abesten dugunok. Euskal Herrian falta zena egiten ari garela uste dut. Nahikoa atzeratuta joan gara, baina azken urtean, pauso handia eman dugu. Iaz apenas entzuten zen mota honetako musika, eta aurten, berriz, piloa. Horrek asebete egiten nau, urteak eta gero gure lana baloratu egiten delakoan nago.
Nire burua ikusi gura dut beste estilo batean, erronka berria jarriko diot neure buruari, gauzak egiteko motibazioa behar dut, bestela aspertu egiten naiz.
Ibilbide laburra da zurea, baina zure lekutxoa egin duzu.
12 urtegaz hasi nintzen niretzako musika egiten, eta 15 urtegaz grabaketa lan batzuk egin nituen herriko beste rap kantari batzuekin. 16 urtegaz amari esan nion: “Ama sinistu, egin egingo dut eta! konfiantza izan nigan”. Lehenengo kontzertua Euskotrenen eman nuen, manifestazio batean, ia kaleratu egin ninduten. Gaur egun egiten dudanagaz alderatuta, aldaketa izugarria dago. Oraindik ez ditut gauzak ondo asimilatzen, jendeak nire buruz berba egitea eta horrelakoak… baina gutxi-gutxika banoa, prozesu bat da.
Etorkizunera begira, ze proiektu dituzu?
Pertsona eta artista modura oso inkorformista naiz. Datorren urteko maiatza edo ekainerako EP bat atera gurako nuke bost edo sei abestigaz, baina rap barik. Nire burua ikusi gura dut beste estilo batean, erronka berria jarriko diot neure buruari, gauzak egiteko motibazioa behar dut, bestela aspertu egiten naiz. Datorren urteko amaierarako, berriz, 18 abestiz osatutako diskoa kaleratzea da nire asmoa. Tartean, singleak sortuko ditut jendea ez aspertzeko. Ez dut gelditu