DemaSA lehiaketako publikoaren saria jaso du bermeotarren 'Agur' film laburrak
Epaimahaia osatu duten Olatz Beobide eta Yago Mateo aktoreentzako faboritoen artean zegoen bermeotarren film laburra.
Spookypheria Productions Elkartearen Agur film laburrak jaso du DemaSA lehiaketako publikoaren saria. Hain zuzen, 16. Kameratoia irabazi zuten Iñigo Atxa, Iraide Narbaiza, Jabi Garcia, Ahini Urresti, Ander Uriondo eta Alex Latxaga bermeotarrek aipatu film laburragaz.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako sortzaile amateurren lehiaketa da DemaSA. Durango Azokaren baitan egin zuten sari banaketa, atzo arratsaldean. Hala, bermeotarrek Durangoko Azokako produktu sorta jasoko dute saritzat.
Lehiaketak Euskal Herriko film laburren rallyetan parte hartu duten lanak batzen ditu, lehiaketa horietako irabazleak eta finalistak. Hortaz, onenen arteko finala dela esan du sari banaketa ekitaldia aurkeztu duen Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak.
Publikoak abenduaren 5a izan zuen lehiaketan parte hartzen zuten film laburrik gustukoena aukeratzeko aukera. Alegriak esan duenez, aurten, inoiz baino parte hartze handiagoa egon da, 700 bozka baino gehiago egon direla nabarmenduta, eta boto gehien lortu duen film laburra izan da bermeotarrek Kamaratoiarako egindako Agur.
DemaSA lehiaketako epaimahaia Olatz Beobide aktore eta zuzendariak eta Yago Mateo aktore eta zinemagileak osatu dute. Jakitera eman dutenez, irabazteko euren «faboritoen artean» zegoen film laburra ere bazen Agur. “Oso ona” dela esan dute biek.
Mateoren arabera, “oso interesgarria” da film laburra: “Minutu gutxitan potentzia handiko istorioa sortu duzue”. Mota horretako film labur bat aurkeztuta “arriskatu” egin dutela uste dute epaimahaikideek, eta arriskatzea “asko gustatu” zaie biei.
Beobideren iritziz, oso ondo josi dute suspensearen haria: “Begietatik eta belarrietatik sartzen den istorioa da, lan fina egin duzue”.
Spookypheria Productions elkarteko kideak “oso pozik” daude sariagaz. Elkarteko kide Iñigo Atxaren esanetan, ez dute lehiaketa horretan “askorik pentsatu”. Kameratoia irabazteak, hala eta guztiz ere, “konfiantza apur bat” eman diela dio; “batez ere, Kameratoiaren epaimahaiak esandakoak entzun ostean, asko baloratu zuten gure esfortzua”.
Publikoaren saria jasotzea “garrantzitsua” dela uste dute: “Azken finean, zinema egiten dugunean edota istorio bat kontatzen dugunean, publikoari zuzendutakoa da. Ikusleak dira helburu nagusia. Orain, gainera, epaimahaiaren sari bat daukagu eta publikoaren beste bat; ederto!”.