Olentzero eta Mari Domingi ikusteko gonbidapenak banatuko dituzte
Artza frontoian egongo dira aurten Olentzero eta Mari Domingi hilaren 24an, 16:00etatik 20:00etara. Eguen arratsaldean hasiko dira gonbidapenak banatzen.
Aurtengo Gabonak desberdinak izango dira. Hala ere, herriko umeek Olentzero eta Mari Domingi ikusi ahal izateko lanean ibili dira Olentzeroren Laguntzaileak, eta lortu dute. Egoera dela eta, aurten, ekitaldi “berezia” izango dela azaldu dute. Horregatik, jende pilaketak ekiditeko gonbidapenak banatuko dituzte.
Azken urteetan Goiko Plazan antolatu izan duten jaialdia egitea “ezinezkoa” da. Aurten, Olentzero eta Mari Domingi Artza frontoian egongo dira, hilaren 24an, 16:00etatik 20:00etara. “Denak batera sartzea”, hala ere, ezinezkoa da, horregatik gonbidapenak banatuko dituzte; “orduagaz, txandaka eta kopuru mugatuagaz”. Beharrezkoak diren osasun neurri guztiak “modu zorrotzean” beteko direla azaldu dute.
Eguenean hasiko dira gonbidapenak banatzen; Gizarte eta Kultura Etxean, 17:00etatik 20:00etara, hain zuzen. Arratsalde horretan hartzen ez dituztenek hurrengo egunetik aurrera goiz eta arratsaldez izango dituzte eskuragarri Gizarte eta Kultura Etxean bertan.
Nagusi bat eta lau ume. Gonbidapen bakoitzagaz, gehienez, nagusi bat eta lau ume joan daitezkeela zehaztu dute. Batez ere, umeak sartzea bermatu gura dute. Olentzeroren Laguntzaileek jakitera eman dutenez, gonbidapen bakoitzak ordu tarte bat izango du, hortaz, “ordura garaiz” iristearen garrantzia nabarmendu dute. Artza frontoira sartzeko, gainera, maskara soinean eroan beharko da. Era berean, distantziak errespetatu beharko direla aipatu dute, bai jendearen artean, bai eta Olentzero eta Mari Domingigaz ere.
Hilaren 24an Artza frontoian lanean egongo diren laguntzaileen esanak betetzeko eskaera egin dute.