Banakako jarduera mantenduz ari dira lanean Gernikako Atletismo Taldekoak
“Pandemiak ez du Gernikako Atletismo Taldearen harrobia murriztu. Klubak fitxen kopuruari eutsi dio eta, murrizketak gorabehera, banakako jarduera mantentzen du”, nabarmendu dute ordezkariek.
Kirol jarduerei ezarritako murrizketek entrenamendu eta lan saioak mugatu eta baldintzatu dizkieten arren, entrenamendu taula pertsonalizatuak dituzte atletekin telematikoki lantzeko eta, horri esker, kirolariek “partzialki eutsi diezaiekete euren jarduerari eta beren lanaren jarraipenari”, betiere banaka: “Joan den irailetik taldeak 156 fitxa egin ditu kategoria desberdinetan. 76 eskola kirolean (aurrebenjaminak, benjaminak eta alebinak); 74 haur, jubenil, junior eta kadete kategorietan; eta 11 senior eta beteranoetan. Hamar atletatik lau, bataz beste, emakumezkoak dira, baina kadete, jubenil eta junior kategorietan ia parekotasun osoa dago nesken eta mutilen artean. Fitxa gehienak klubean errepikatzen duten pertsonei dagozkie, baina aurten handitu egin da klubean parte hartzera animatu diren kide berrien kopurua, baita adinez zaharragoak direnen artean ere”. Gernikako Arin Arin Atletismo Taldearen ordezkariek diotenez, denboraldia hasita badago ere, izena emateko aukera badago, eta eskerrak eman dizkiete hala egin dutenei eta euren gurasoei “klubari emandako konfiantzagatik, baita une zail hauetan ere.”