40 establezimenduk parte hartuko dute Gabonetako erakusleiho lehiaketan
Herritarrek bihar hasi eta abenduaren 19ra bitartean aukeratu ahalko dute zein den herriko erakusleihorik politena
Bermeoko Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute hirugarren urtez. Bermeoko Udalak antolatzen du lehiaketa Bermeo Tuna World Capitalekin (BTWC) batera. Aurten, udalerriko 40 establezimenduetako jabeak animatu dira euren erakusleihoak lehiaketarako apaintzera, iaz baino bi gehiago.
Herriko erakusleihoen “apainketa bultzatzea” da lehiaketaren helburua, modu horretara herriko “kontsumoa suspertzeko”. Apaingarrien gai nagusia Gabonak badira ere, aurten, Bermeoko nortasuna eta izaeragaz lotutako erakusleihoak prestatu behar izan dituzte saltzaileek.
Aurreko urteetan egin modura, aurten ere herritarrek izango dute zer esan. Horrela, beraien botoen bidez herriko erakusleiho onena aukeratu ahalko dute. Bihar hasi eta abenduaren 19ra arteko tartea daukate herritarrek erakusleiho gustukoena aukeratzeko.
Lehiaketan parte hartzen duten komertzioetan aurkituko dute herritarrek bozka emateko eskuorria, bai eta bozketa guneetan ere (Gizarte eta Kultura Etxea, Berhaz eta Behargintza). Herritarrek 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu beharko dute. Gustukoenari botoa eman ostean, bozketa guneren batera eroan beharko du eskuorria. Ondoren, herritarrek lehiaketan parte hartzen duten 36 establezimenduetan 250 euro gastatzeko zozketan parte hartuko dute; 250 euroko lau sari zozkatuko dituzte aurten.
Aurten, Bermeoko erakusleiho lehiaketak 7.000 euro banatuko ditu saritan. Lehiaketak, gainera, Bermeo Tuna World Capital elkartearen laguntza dauka oraingo honetan. Hala, elkarteak sari berezi bat emango dio hegaluzea zein hegalaburra eta arrantza jasangarria nabarmentzen duen erakusleihorik onenari. Horrez gain, jasangarritasunarekiko sentsibilitatea erakustea ere kontuan edukiko dutela azaldu dute; 3.000 euroko saria emango dute.
Epaimaiharen gustukoenak 2.000 euroko saria jasoko du, eta herritarren gustukoenak, berriz, 1.000 euro.