Aldai-Orbegozo eta Espinar-Agirre bikoteak nagusitu dira Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdietan.
Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirrek jokatuko dute Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finala, abenduaren 20an.
Arrizabalagak eta Gentzane Aldaik 12-22 galdu zuten Amaia Aldairen eta Orbegozoren kontra, atzo. Beste finalerdian, Espinarrek eta Agirrek 22-18 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Arrillagari. Derioko finalerdietan ikuskizun polita eskaini zuten, baina gehienei kosta egin zitzaien frontoian euren lekua topatzea.
Argazkia: Emakume Master Cup.
Arrizabalagaren arabera, partiduan sartzeko eduki zituzten arazoek baldintzatu zieten: “Partiduan ez ginen sartu ez hasieran, ez amaieran. Tentsio falta igarri zen Gentzane eta biongan”. Hain zuzen, urduritasuna baino batez ere partidu falta igarri zutela zehaztu du: “Normalean astero edukitzen ditugu partiduak, ez gaude ohituta hilabetean behin bakarrik jokatzera. Uste dut partidu falta horregatik tentsio falta ere igarri zela. Pena da gure maila ez ematea, eta eduki dugun bigarren aukera hau ez aprobetxatzea”.
Lehen finalerdiak bi zati oso desberdin eduki zituen; hasiera orekatua eta lehiatua izan zen, eta bigarren zatian, ostera, Aldai eta Orbegozo nagusi izan ziren. Orbegozorentzat pilota mistoarekin jokatzen duen lehen txapelketa da, eta ziurtasunez aritu zen, eta partida osoan zehar oso erregular. Lehen erdian, hamabinako berdinketara arte, markagailua oso estu joan zen, bi bikoteek nahi baino huts gehiago egin zituzten, baina bietako inor ez zen markagailuan alde egiteko gai izan. Berdinketa horretatik aurrera, Amaia Aldaik sakearekin egindako mina izan zen urdinen garaipenaren gakoa. Denera zortzi tanto egin zituen Dimakoak lehen pilotakadarekin; Arrizabalaga gainetik pasa eta jokoa atzean kargatzearen estrategia ondo atera zitzaien.
Lau pilotarien artean onena Orbegozo izan zela azpimarratu du Arrizabalagak. “Lehen zatian eurak ere partiduan sartu ezinik ibili ziren, Amaiak berak ere huts egite asko eduki zituzten. Partidu erditik aurrera eurek argi eduki zuten zein zen jokoa, eta askoz ere huts egite gutxiago egin zituzten. Guk baino hobeto irakurri zuten partidua, eta uste dut horregatik irabazi gintuztela”.
Beste finalerdia askoz gorabeheratsuagoa eta lehiatuagoa izan zen. Espinarrek eta Agirrek asko sufritu behar izan zuten finalerako txartela eskuratzeko. Usansolokoak, gainera, eskuetatik nahiko larri amaitu zuen.
Partidua oso maldan behera jarri zitzaien urdinei. Espinarrek bizi erabili zuen pilota hasieran, sakez min dezente egin zuen eta lehia erosoa izango zutela zirudien 6-14 aurreratu zirenean. Baina, Arrillaga jokoan sartu zen; atzean zuloak egiten hasi zen bere pilotakada indartsuekin eta markagailua berdintzea ez ezik, aurre hartzea ere lortu zuten, aginagarrak piloteoan izandako nagusitasunari esker. Baina pilotari zaildua da oso Patri Espinar eta, partida oso txukuna egin duen Naroa Agirrek lagunduta, partidari beste buelta bat ematea lortu zuten. Sakea berreskuratzea funtsezkoa izan zen urdinentzat eta azken zortzi tantoak jarraian lortuta, finalerako txartela poltsikoratu zuten.