Etxetik kanpoko bigarren garaipena
Emakumezkoen Ligaren 14. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 76-87 irabazi dio Casademont Zaragozari.
Lointek Gernika Bizkaiak Malosten ematen duen itxura etxetik kanpo erakustea lortu zuen atzo. 76-87ko emaitzagaz gailendu zitzaion Casademont Zaragozari. Hala, ligaren 14. jardunaldian bederatzigarren garaipena poltsikoratu du; etxetik kanpo irabazten duen bigarren partidua da Zaragozakoa.
Partidua amaituta, Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak azaldu zuen hasieran aurkaria geldiarazteko zailtasunak eduki zituztela. Baina, orokorrean taldeak egindako lanagaz pozik zegoela. Batez ere erasoan egindako lana goraipatu zuen: “Hori zen falta zitzaiguna, etxetik kanpo 50-60 puntu baino gehiago egiteko gai izatea. Hasieran, barne jokoa defenditzeko lanean asko sufritzen hasi gara. Ez ginen eurak geldiarazteko kapaz, eta falta asko egin ditugu. Baina, erasoan arin, bizi ibiltzeak, eta portzentai onek partiduan sartuta egotea ahalbidetu gaituzte. Bigarren laurdenean defentsa apur bat hobetu dugu, eta 26 puntu egin ditugu”.
Atsedenaldira sentsazio onekin eta partidua irabazteko aukerak zituztela sinistuta joan zirela nabarmendu zuen gernikarrak. Hirugarren laurdenean defentsa lana hobetzen segitu zuten: “Barne jokoan falta pertsonalen arazoak eduki ditugu bi taldeok. Euren aldean, uk aldaketak egiteko aukera gehiago eduki ditugu, eta horrek mesede egin digu. Aulkitik irten direnek ekarpen handiak egin dituzte, eta azken laurdenean errentari eustea izan da gure beharra. 16-17 puntuko aldeagaz egon gara, eta pena da horiek mantendu ez izatea”.
Ligaren sailkapenean bosgarrena da Gernika-Lumoko taldea, 23 puntugaz. Postu bat beherago, puntu kopuru beragaz dauka hurrengo jardunaldiko aurkaria: Ciudad de la Laguna Tenerife. Zapatuan [abenduak 12] Malosten jokatuko dute, 19:00etatik aurrera.
Halaber, 23na puntugaz daude Movistar Estudiantes eta Spar Girona. Valencia BC dago sailkapen buru, 27 puntugaz eta Perfumerias Avenida bigarrenak 26 puntu ditu.