Bermeoko Udalak euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu
Eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 28a izango da. Berhaz bulegoan egin daitezke eskaerak edota Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan.
Beste urte batez, Bermeoko Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko, bai eta gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa egiteko ere. Era berean, merkataritza errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntzak ere emango dituzte.
Euskara ikasteko diru laguntzei dagokionez, Bermeoko Udalak 2019-2020 ikasturtean eta 2020ko udan egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu. Zehazki, dirulaguntza horien onuradunak ikasturtean edota udan homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira. Eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten denikastaroa amaitzea.
Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Bestalde, aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euroko laguntza jaso ahalko du.
Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten herritarrek matrikularen % 70a ordaintzeko laguntza jaso ahal izango dute. Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere diru laguntza eskuratu ahalko dute: gehienez %60koa, kasu horretan. Gainontzeko ikasleek, berriz, gehienez, matrikularen %50a jaso ahalko dute.
Azaldu dutenez, Bermeoko Udalak ematen dituen diru laguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.
Abenduaren 28ra arte. Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin gura dutenentzako diru laguntzak ere banatuko dituzte. Horretarako, eskatzaileek honakoak aurkeztu beharko dituzte: eskari orria, nortasun agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria. Erakunderen baten diru laguntza jaso baldin badute, horren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
Kasu honetan ere, eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izatea eta udalagaz zorrik ez izatea. Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, 150 euroko diru laguntza jasoko dute.
Azkenik, errotuluak euskaraz jarri gura dituzten merkataritza establezimenduentzako diru laguntzak ere banatuko ditu Bermeoko Udalak. Horretarako, interesa daukaten eskatzaileek, errotulua jarri aurretik, zirriborroa aurkeztu beharko dute, aurreikusita daukaten testuarekin. Jatorrizko faktura aurkeztu beharko dute, bai eta jarritako errotuluaren argazkia ere. Gehienez, 300 euroko laguntza jasoko dute.
Bata zein besterako eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 28a izango dela azaldu dute. Berhaz bulegoan egin daitezke eskaerak edota Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan.