'Mendi biluzia' filma aurkeztuko du Alex Txikonek barikuan, Bermeon
Goizean, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Eleizalde ikastolako ikasleekin egongo da, eta arratsaldean bi emanaldi eskainiko dituzte Nestor Basterretxea aretoan.
Alex Txikon mendizale bizkaitarra Sagrado Corazon eta Eleizaldeko DBH 4.mailako ikasleekin batuko da bariku goizean. Hala, Nanga Parbat (8.125m; Karakorum-eko mendikatean, Asian) mendira neguan lehenbiziko aldiz egin zen igoera eta gailurra kontatzen dituen Mendi biluzia filma ikusteko aukera izango dute ikasleek. Gainera, Txikonek berak ikasleek izan ditzaketen galderak erantzungo ditu.
Bermeoko Udalak antolatutako ekintza horren helburua da kirola, bizitza osasuntsua eta euskara gazteen artean sustatzea. “Izan ere, bere helburu estrategikoetako bat da aipatutako helburuak bultzatzea eta hauen gaineko ekintzak antolatzea”. Gazteek, honenbestez, munduko alpinista hoberenetako batekin hitz egiteko aukera izango dute eta horrelako espedizio bat nola antolatzen den eta sortu daitezkeen arazoak zeintzuk diren lehenbiziko pertsonan ezagutu ahal izango dituzte.
Arratsaldean, berriz, Nestor Basterretxea aretoan egongo da Txikon. Mendi biluzia filmaren bi emanaldi eskainiko dituzte; 17:00etan eta 19:00etan. Lehenengoa gaztelaniaz izango dela azaldu dute, eta bigarrena, berriz, euskaraz.
Alex Txikonek berak aurkeztuko ditu bi emanaldiak, eta ikusleek eduki ditzaketen galderak erantzuteko prest egongo da.
Sarrerak bost eurotan salgai daude Gizarte eta Kultura Etxean.
70 minutu inguruko film luzea da Mendi biluzia, eta Txikonek berak ekoiztu eta zuzendu du. 2016an Nanga Parbaten egin zuen gailurra kontatzen du; “ordura arte neguan inoiz lortu gabeko balentria”.
Mendizale bizkaitarrak konfinamenduan landu zuen filma oso proiektu pertsonala dela adierazi du. Filmeagaz batera landu zituen izenburu bera daraman eta lorpena oraindik xehetasun gehiagogaz kontatzen duen liburua ere.