Herrian dauden ikur frankistak kentzeari ekingo diote Busturian
Busturiko EH Bilduk aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten Informazio Batzordean.
Espainiako gerra eta frankismoa goresten dituzten ikurrak kentzearen aldeko mozioa aurkeztu du Busturiko EH Bilduk. Udal batzar informatiboan aurkeztu zuten lehenengo, eta aho batez onartu zutenez, ez zuten zertan osoko bilkuran berriz onartu behar izan.
Busturiko EH Bilduko zinegotziek jakitera eman dutenez, idazkariak osoko bilkuran esan zuen prozedura martxan dagoela dagoeneko. Busturian, momentuz, San Kristobal auzoko Astilleroko etxebizitzetan Espainiako Falangearen ikurrak dituzten plakak dauzkate identifikatuta. Hala, mozioan eskatzen dute frankismoaren sinboloak kentzeko Euskadiko batzorde teknikoak 2012ko urrian egindako gomendioari jarraituta, eraikin horretako lau atarietan dauden plakak hormetatik kentzea, hiru hilabeteko gehienezko epean. “Ez dugu ulertzen zelan ordutik inori ez zaion bururatu herrian kentzeko dagoen zerbait begiratzea; horiek ageri-agerian daude”, diote EH Bildutik.
Herritarrak informatu. Beste alde batetik, mozioan esaten denez, “plaka horiek kentzeko helburua izango duen prozedura esandako etxebizitzeetako bizilagunei jakinarazi beharko zaie hasiera-hasieratik”, eta horien parte hartzea bermatzea ere eskatzen dute. “Bertako bizilagunek jakin egin behar dute zer egingo den eta zergatik”, azaldu dute.
Hirugarren puntu batean, berriz, Busturiko Udalari eskatzen diote frankismoaren gorazarrea adierazten duten bestelako ikurrik dagoen argitzeko ikerketa abiarazi dezaten. Horretarako, diotenez, ondo legoke herrian deialdi publiko bat zabaltzea: «Herritarrek beren inguruan zerbait detektatzen baldin badute udalagaz harremanetan jarri daitezen».
Mozioan gogorarazten dutenez, Etxebizitzaren Obra Sindikalak etxe ugari eraiki zituen –”bereziki Gipuzkoan eta Bilboko itsasadarrean”–, eta oraindik geratzen dira erakunde horren ikurra daramaten plaken aztarnak, tartean Busturikoak. Etxebizitza Erakundearen “ikurra duten” plakak nahitaez jarri behar izaten ziren.