Herri osora zabaldu gura dute Busturiko kontsumo taldea
Uribe Butroeko Nekazari eta Artisau Txikien Sareagaz lan egiten dute. osasun krisiak ahalbidetzen duenean, bisita multzo bat antolatu gura dute ekoizleen lana bertatik bertara ezagutzeko.
Konfinamendu garaian Busturiko Auzholan elkartetik sortu zuten Busturiko Kontsumo Taldea. Aipatu proiektuari esker, bertoko eta Busturiko produktuekin osatutako ehunka saski banatu dituzte. Hamabost herritarrek osatzen dute kontsumo taldea, baina sarea herri osora zabaltzea gura dute.
Kontsumo taldeko kide Bittor Ruedak dio ideia konfinamendu garaian “arrapaladan” sortu zela, eta jarraipena edukitzea merezi duela uste dute; “zenbat eta kontsumitzaile gehiago izan, hobe”. Horregatik, beste bultzada bat eman gura diote taldeari. Herritarrek etxebizitzetan jaso dute kontsumo taldeari buruzko informazioa, orain arte sare sozialetatik baino ez direlako ibili informazioa ematen. Aurkezpen publikoa egitea zen asmoa, “baina egoerak ez du ahalbidetu”.
Nahiz eta eskualde berekoak ez izan, Uribe Butroeko Nekazari eta Artisau Txikien Sareagaz lan egiten dute. Sare hori ere konfinamendu garaian sortu zela dio Ruedak: “Nekazariei debekatu egin zieten azoketan euren produktuak saltzea. Euren jarduna egin ezinik geratu ziren. Hileko lehen domeketako Arrietako azoka antolatzen dutenak eta Uribe Butroeko hainbat ekoizle elkartu ziren euren produktuak etxez etxe saldu eta banatzeko”.
Lehenik eta behin, Baserritik Gernikaragaz saiatu zirela diote: “Horiek, baina, ez zituzten produktuak Busturiraino ekartzen, Gernikara mugatzen ziren. Uribe Butroeko sarekoak prest zeuden produktuak Busturiko banaketa puntu bakar batera ekartzeko”.
Otsozulo gaztetxean. Hasiera batean etxe partikular batean jasotzen zituzten eskatutakoak. Behin konfinamendua amaituta, banaketa leku bat bilatzen hasi ziren, eta Busturiko Gazte Asanbladagaz adostu zuten Otsozulo gaztetxea erabiltzea horretarako.
Orain, astean behin banatzaileak taldeko kideek eskatutako produktuak ekartzen dizkie herrira. Eguen arratsaldetan uzten diote bakoitzari bere kutxa gaztetxean. Webgune batean bildu dituzte produktu guztiak, eta sarean egiten da eskaera (www.uribebutroekosarea.eus).
Parte hartu edo informazioa jaso gura duenak mezua idatzi dezake auzholan@gmail.com-era edo 633 38 75 42 zenbakira.
COVID-19ak sortutako osasun krisiak ahalbidetzen duenean, beste pauso bat eman gura dute; bisita multzo bat antolatu gura dute ekoizleen lana bertatik bertara ezagutzeko.