Elantxobeko portura doan errepidea eusten duen horma jausten ari da
Elantxobeko sarbide nagusia denez, udal agintariak kezkatuta daude. Espainiako Ingurumen Ministeritzaren eskumena denez, Madrilera eroango dute konpontzeko eskaria.
Elantxobeko sarbide nagusia den errepidearen zati bat eusten duen horma jausten ari da, eta udalak hura konpontzeko izapideak azkartu gura ditu. Izan ere, Espainiako Ingurumen Ministerioari dagokio hori.
“Lapatzan dagoen horma da, eta olatuengatik apurka-apurka higatzen ari da, itsasoa jaten ari da, eta horma indarra galtzen, eta errepidea beherantz doa. Sendotzea gura dugu; guretzat premiazkoa da. Egun batetik bestera jausi ahal da, eta jausten bada, bide guztia doa behera. Arrisku hori dago. Lehenago ere pasatu zen, eta aldundia bost hilabetez egon zen bidea konpontzen. Baina, bidea konpondu zuten, azpia ez zen sendotu. Hori da Elantxobeko sarbide nagusia, goian dagoena bigarren mailakoa da”, azaldu du Patxi Egurrola alkateak.
Abenduan Espainiako Ingurumen Ministerioko Bilboko delegaritzarekin batzartu zen udala egoera azaltzeko: “Harrera ona eduki genuen Bilbon. Eta hona etorri ziren ikustera, eta arazoaz jabetuta, aldeko txostena egingo zutela esan ziguten. Horiek Madrilera bideratu behar dute, eta baimena han eman behar dute”.
Pandemia egoerak izapide asko atzeratu edo gelditu ditu, baina horma edozein momentutan jausi ahal denez eta neguko denboraleek egoera okertu ahal dutenez, udalean arduratuta daude, eta beraz, EH Bilduren eta EAJren Madrileko hautetsien bidez, izapideak azkartzeko saiakera egiten ari dira. Alkateak horiek erakutsitako babesa eskertu du.
Hain zuzen, EH Bilduren ordezkaritza bat Elantxobera hurreratu zen barikuan, tartean, Idurre Bideguren senatari bermeotarra: “Udala aspalditik kezkatuta dago. Mantenu arazo handi bat da, eta lehenbailehen erantzun bat behar du. Gune hori trantsizio ekologikoko ministeritzaren esku dago; Madriletik eman behar zaio erantzun bat. Madrilen gauden ordezkaritzatik Teresa Riverarekin hitz egingo dugu. Ez da mantenu arazo larriak dituen leku bakarra, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean dauden herri askok mantendu arazo handiak dituzte, eta beraz, erantzun bat eskatuko dugu Madrilen. Asko dira kostaldean egin behar diren mantentze-lanak. Estatu espainiarraren eskumena diren lurretan lan horiek abian jartzea eskatuko dugu”.