Disneyko pertsonaiak euskaldundu asmoz
Disney + plataformako edukiak eta Euskal Herrian estreinatzen diren Disneyko pelikulak euskaraz ikusteko eskubidea bermatzeko sinadura bilketa hasi du guraso talde batek, Avaar plataformaren bitartez.
Interesei barik, eskubideei begiratzeko eskatu du guraso talde batek, haurren hizkuntza eskubideak bermatu asmoz. Hain zuzen, Disney + euskaraz kanpaina hasi eta sinadurak biltzen ari da, Avaaz plataformaren bitartez.
Enekantak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoez gain, Euskal Herriko haurrek Frozen, Ice Age, Star Wars eta antzeko edukiak ere ikusten dituztela diote kanpainaren bultzatzaileek. Hala ere, Disney multinazionalak eta bere menpeko Pixar, Marvel eta abarrek sorturiko filmak eta telesailak espainolez edo frantsesez bakarrik daude.
Azaldu dutenez, Katalunian duela hilabete lortu zuten Disney+ plataforma digitala katalanez ere eskaintzea, sinadura bilketa bat tarteko: «Pentsatu dugu euskaldunok ere aukera hori izan dezagun mugitzeko ordua dela».
Gutxienez 2.000 sinadura bildu nahi dituzte, eta honako esteka honetan dute herritarrek horretarako aukera: https://secure.avaaz.org/community_petitions/es/the_walt_disney_company_disney_euskaraz/.
Sareko plataforma berri hori martxoaren 24an heldu zen Espainiar estatura eta, kanpainaren bultzatzaileek azaldu dutenez, euskal hiztun diren ikusleek beraien hizkuntza eskubideak urratuta ikusi dituzte berriro; «izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea».
Diskriminaziorik ez. Euskal Herrian estreinatzen zituen pelikulak euskaraz ere eskaintzeko iradoki zion Eusko Jaurlaritzak Disneyri duela urte batzuk. Hala ere, kazetari baten galderari erantzunez azaldu zuen euskal gobernuak AEBetako platafomak ez zuela «inolako interesik» agertu.
Hala ere, Disney + euskaraz kanpainaren beharra ikusi duten gurasoen iritziz, eskaria ez da interes kontua, eskubide kontua baizik.
Eskaera bikoitza egin nahi dute: alde batetik, Disney kateari eskatu diote bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala, bai EuskalHerriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman. Hala, euskaldunak diskriminatzeari itzi diezaiotela eskatu dute. Bestetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskal Elkargoari, Disney-rekin harremanetan jartzeko eskarie ere egin diete, haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen eskatzeko.
Kanpaina sarean. Marrazki bizidunak ikusteko adinean dauden haur euskaldunen gurasoak dira sinadurak biltzeko lanean ari direnak. Umeen beharrei eta eskubideei begitatzean eta horiek bermatzeko uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko marrazki bizidunen zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekela.
Kanpaina sarean dago, eta guraso taldeen artean partekatzeko eskatu dute. Kanpainarekin bat egin ostean, Facebook platafoman partekatzeko aukera ere ematen du.