SOS Gaztelugatxe plataformak «lanpetuta» baina «pozik» igaro du lehen urtea
Gaztelugatxeko San Juanen bizi den «benetako errealitatea» zein den azalarazteko bideo bat grabatuko dute. Helburu nagusietako bat Gaztelugatxeko Patronatua eratzea da.
SOS Gaztelugatxe plataformak lehenengo urtearen balorazioa egin du. Azaldu dutenez, «lanpetuta» ibili dira, baina «pozik» daude. Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanera joateko aparkaleku berria egiteko asmoa zeukala iragarri eta berehala eratu zen plataforma. Aldundiak proiektua bertan behera utzi izana «garaipen itzela» da plataformako kide Eider Gotxiren arabera.
Orain arte egindakoaren balorazio «positiboa» egiten badute ere, «zer pentsatu» ere badaukate. Izan ere, uste dute aldundiak ez duela ezelako hausnarketarik egin: «SOS Gaztelugatxek Fiskaltzara jo, eta Fiskaltza aldundira galdetzera joan ostean hartutako erabakia dela uste dugu, ez hausnarketa egin dutelako».
Gogorarazi du, gainera, aparkalekuaren aurka aurkeztutako alegazioek erantzunik barik jarraitzen dutela: «Erantzuna jasotzeko esperantza oraindik badaukagu».
Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko hasitako prozesuari ere 2.000 alegaziotik gora aurkeztu dizkiote; abuztuan aurkeztu zituzten. «Harrituta» daude, bi hilabete igarota oraindik «inolako informaziorik» jaso ez dutelako.
Gauza asko egiteke. Aurrerantzean indarrak non neurtuko dituzten ere badakite. Hala, Gaztelugatxeko Patronatua eratzeko beharra nabarmendu dute, beste behin ere: «Guretzako helburu nagusia da orain».
Matxitxakoko eremu osoa babestu beharko litzatekeela uste dute: «Neurrigabe ari dira gune osoan. Karabanak, autokarabanak, furgonetak… edonor geratzen da lo egiten, eta euren hondakin guztiak uzten dituzte han. Kartelak egon badaude, baina ez dago han inor araudia betearazteko. Inguru guztia berreskuratu eta Gaztelugatxegaz batera Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzea ondo legoke».
Beste alde batetik, plataformako kideen iritziz, garrantzitsua izango litzateke Bermeo eta Bakio arteko «ganorazko» garraio publikoa egotea: «Uda amaituta, astegunetan, komunikazio eskasa dago, eta asteburuetan ez dago loturarik. Gaztelugatxe urte guztian dago zabalik, eta asteburuetan egoten da mugimendurik handiena. Koherenteak izan behar gara, gura bada garraio publikoa bultzatu eta Gaztelugatxera jendea etortzen baldin bada, garraio publikoa beharrezkoa litzateke urte guztian. Hori, gainera, Bermeoko aparkalekuagaz lotuta egon beharko litzateke, inbertsio handia dago han eta».
Eusko Jaurlaritzak Europako diru laguntzetara aurkeztu dituen proiektuen berri «zeharka» izan dutela dio Gotxik. Hiru aipatzen dituzte, «gure kostaldean» daudelako: Bermeoko portuaren birsorkuntza, Gernikako Guggenheima eta Lemoizko zentral nuklearrean ekoizpen urtarra egiteko proiektua. Horiek guztiak «ondo aztertu beharreko» proiektuak direla uste dute: «Ez dakigu horien guztien atzean zer dagoen, eta beharrezkoa dute jarraipena egitea, momentuz, proiektu horien izenburuak baino ez dauzkagu eta. Gure kostaldea da, eta proiektu horiek zer suposatuko luketen eta zelan garatuko liratekeen aztertu beharra daukagu».
Gotxik dioenez, saiatuko dira baita ere Urdaibaiko Biosfera Erreserba turismo helmuga jasangarri izendatzeko 2. fasean sartzen. «Sartu ezin bagara, barruan daudenekin harremanetan jartzen saiatuko gara izendapen horrek zer suposatuko duen jakiteko. Biosfera Erreserba ikuskatzen dabiltza, eta Gaztelugatxeko San Juan barruan sartzen dute. Jarraipena egingo diogu».
anean jarraituko dute, «ezin dutelako plataforma hiltzen utzi». Etorkizunean «zerbait etorriko dela» argi daukate.
Aldundiaren estrategiak. Udan biotopoak izandako bisitariak aipatu dituzte: «Aldundiak emandako datuen arabera, 300.000tik 80.000ra jaitsi dira bisitak. Guretzako 80.000 ere zenbaki potoloa da. Aldundiari pena ematen dio bisitari kopuru hori galtzea. Horregatik, jarraian, nazioartean ezaguna den Itziar Ituño aktoreagaz bideo bat egin dute Gaztelugatxen, Visit Byscai jarrita. Beste estrategia batzuk erabiltzen ari dira jendea Gaztelugatxera erakartzeko». Hori guztia «behatzen» jarraituko dute, eta jarraipena ere egingo dute. «Gerra ematen jarraituko dugu».
Azkenik, Gotxik iragarri du bideo bat grabatzeko asmoa daukatela. «Komunikabide guztietan entzuten ari gara Gaztelugatxeko San Juanera doan jende kopurua murriztu egin dela. Guk uste dugu ematen dituzten datuak ez direla errealak. Udan egun batean egon ginen han alegazioak jasotzen. Lau ordutan hainbat lagun hurbildu ziren guregana tiketak eskatzera. Eta ez bakarrik bertokoak edo espainiarrak, ez, atzerritarrak ere. Bakarrik zenbatzen dituzte tiketa daukaten bisitariak, baina askoz ere gehiago dira datozenak eta lehenengo balkoira jaitsi eta buelta ematen dutenak».
Gaztelugatxen jendea hartu eta grabatuko dute, denei galdera berdinak eginda. Bermeoko aparkalekuan ere zenbait grabaketa egingo dituzte, eta baita Turismo Bulegoan ere. Bideo txiki bat egitea da asmoa, sare sozialetatik zabaltzeko. «Jendeak benetako errealitatea zein den ezagutzea gura dugu».