Perretxikoen "habia" sekretuak
Perretxikoa ona edo txarra den jakiteko osorik egotea «garrantzitsua» dela diote Muinogorri elkartekoek; "usaina, kolorea eta gustua ere kontuan hartu beharrekoak dira".
Perretxikoen garaia da, basoak eskuetan otzara daramaten jendez gainezka daude. Han eta hemen perretxikoak eta onddoak aurkitu daitezke. Inori ez galdetu, hala ere, non aurkitu daitezkeen, bakoitzak bere lekua du, edo Foruko Muinogorri elkarteko kideek diotenez, «bakoitzak bere habia du».
Perretxikoentzako hilabeterik onena urria dela argi daukate Muinogorrikoek. Eta, sasoiaz baliatuta, elkarteak perretxikoen erakusketa antolatzen du urtero. Datorren domekan izan beharko litzateke elkartearen udazkeneko hitzordua; aurtengoa 24. aldia izango litzateke. «Pena handiz», baina, bertan behera uztea erabaki dute, «egoera ez delako onena».
Urtez urte, Galdakaoko Peña Santa Cruz txokoko adituen laguntza edukitzen dute perretxikoak sailkatzeko. Elkarteko kide Enrike Agorriaren esanetan, «eurek baino gehiago dakite», eta liburuak ere argitaratu dituzte. «Erakusketa jartzeko perretxikoak banan-banan begiratu eta izendatu behar dira. Peña Santa Cruzekoek, liburuetan begiratu barik, 2.000 perretxiko inguru sailkatzen badakite».
Urte hauetan guztietan, urte «onak eta txarrak» izan dituztela dio Agorriak: «Urterik txarrenean 80-90 perretxiko mota erakutsi ditugu. Urterik onenetan, berriz, 150 motatik gora jarri ditugu Muinogorri txokoan ikusgai, 170era ere iritsi gara noizbait».
Hiru kolore erabiltzen dituzte perretxikoak bereizteko: gorria, zuria eta berdea. Horiek perretxiko pozoitsuak, sukaldaritzarako baliorik gabekoak edota onak eta jangarriak diren zehazten dituzte. Liburuak ere jartzen dituzte herritarren eskura, eta perretxikoak sukaldean zelan prestatu daitezkeen ikasteko aukera ematen dute.
Perretxikoen erakusketagaz, jendeari oinarrizko ezagutza eman gura diote: «Jendeak dozena bat edo bi perretxiko mota ondo kontrolatuko balitu, ez litzateke ezustekorik egongo. Izan ere, gero eta ezusteko gehiago daude».
Gainera, pozoitsuen eta jangarrien artean sortu daitezkeen nahasteak saihestea dute helburu. Horregatik, antz handia daukaten perretxiko onak eta txarrak alboan jartzen dituzte erakusketan, «gerturatzen direnek euren arteko desberdintasunak aztertzeko». Argazkietan edo karteletan ikustea baino, aurrez aurre ikustea «askoz ere eraginkorragoa» dela uste dute.
Nahaste ugari. Muinogorriko Josu Izagirreren berbetan, pardilla eta falsa pardilla-ren artean sortzen dira nahaste asko eta asko; «oso antzekoak dira». Hala ere, falsa pardilla horren intoxikazioa ez dela «horren txarra» dio, bai, aldiz, Amanita Phalloide bat jaten baldin bada.
Erakusketetarako perretxikoak batzen dituztenean, «azpi-azpitik ateratakoak» izatea eskatzen dute: «Osorik ez baldin badago, ez dakizu zelako hanka eduki duen, ezta orriak zelakoak diren ere. Datu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira perretxikoak sailkatzerako orduan. Osorik egon behar dute». Sailkatzerako orduan, perretxikoaren usaina, kolorea eta gustua ere garrantzitsuak direla diote. «Boletus batzuen kasuan, esate baterako, apurtu eta berde kolorekoak izaten dira. Askok atzera egiten dute, baina horrek ugartze prozesuagaz dauka zerikusia, prozesu arina dauka. Horrek, baina, ez du esan gura txarra denik, jatekoa da».
Izagirrek dio «garrantzitsua» dela perretxikoak garbitzen dituenak ere perretxekioen munduaz zerbait jakitea: «Nire ustez, perretxikoak batzen duenaren beste jakin beharko luke».
Muinogorri elkarteko kideen arabera, kategoria goreneko perretxikoen artean egongo litzateke arraultza perretxikoa, eta ugariena ez bada ere, Busturialdean ere aurki daiteke: «Aurten ere egon da horien agerraldi bat orain dela lau aste inguru». Euskal Herrian, hala ere, gibel urdin asko jan ohi da, bai eta urretza ere: «Gure gurasoek horiek baloratzen zituzten gehienbat, finak dira. Jende askorentzat, duda barik, gibel urdina da onena».
Busturialdean gehien aurkitu daitekeen perretxikoa, berriz, Lactarius deliciosus edo niskaloa da: «Aipatu perretxikoak izugarrizko arrakasta dauka Katalunia aldean. Hemen, berriz, ugaria bada ere, ez dauka arrakasta handirik. Perretxiko horrek esne gorria ematen du, apurtzen baldin baduzu. Aldiz, oso antzekoa den beste bat dago apurtu eta esne zuria ematen duena. Goitik begiratuta, berdin-berdinak dira».
Onddoak modakoak. Busturialdean, artadi kantauriar ugari dago, eta leku ona izaten da perretxikoentzat. Gaztainondoak ere onak dira. «Mota batzuetako perretxikoak, aldiz, pinudietan baino ez dira ateratzen; Onddo pinua (Boletus pinophilus), esaterako». Txanpiñoiak, aldiz, landetan aurkitu daitezke. Busturialdean, hala ere, aurten txanpiñoirik ez dagoela diote.
Leku zehatzak, hala ere, ez dituzte aipatzen, bakoitzak bere lekuak ditu: «Bakoitzak bere habiak dauzka; belaunaldien arteko sekretuak dira».
Gaur egun, modan daudenak, hala ere, onddoak direla aipatu dute Muinogorrikoek:«Onddo zurien eta beltzen bila joaten dira gainera, gehienak. Badaude beste hamar edo hamabi onddo mota jatekoak direnak eta inork ez dituenak batzen». Agorriaren eta Izagirreren ustez, jendeak jakin behar du onddotik aparte mundua badagoela.
Gaur egun perretxikotan «jende larregi» dabilela uste dute, zaletasunak «nabarmen gora» egin duela gaineratuta: «Kaltegarria ere bada, askok perretxiko mota batzuk batu ez, eta apurtu egiten dituztelako. Izugarrizko perretxikoak ikusten dira askotan zapalduta. Ezjakintasunak horrelako gauza ugari dakartza. Perretxiko bakoitzak, gainera, bere funtzioa ere badauka, eta dauden lekuan utzi egin behar dira».
Perretxikoentzako baldintzarik onenak ere aipatu dituzte: «Hezetasuna behar dute, ura behar dute lehenago, eta gero beroa. Beroa, baina ez herriko haizea. Herriko haizeak sikatu eta erre egiten ditu perretxikoak». Aurtengo uztari dagokionez, «denetarikoa» entzuten ari dira: «Izan liteke Solluben perretxikoak aurkitzea eta Muxikan ez».
Urria da perretxikoentzako hilabeterik onena, baina aurtengo urria ez dela ona izan esan du Izagirrek: «Euri asko egin du. Hilaren 1etik 20ra egunero euria egin du. Perretxikoak beharrean, ezkatak ateratzen dira». Martxoan ere, udaberriko perretxikoa aurki daiteke, eta hori ere «ona» izaten dela dio, «Urduñan ateratzen da horrelako asko».
Izagirre eta Agorria ez dira kanpora joatekoak perretxikoen bila, baina elkartean badaude asko mugitzen direnak. «Hemendik hurbil Gorbeia eta Barazar aldera mugitzen dira asko. Pagoa ugaria da han, asko dago, eta oso ona da perretxikoentzat». Kontakturik onenak ehiztariak direla diote.
Aurten, koronabirusagatik ez dute perretxikoen erakusketa egingo. Beste bi urtetan ere bertan behera utzi behar izan dituzte erakusketak, sikateagatik.
Elkarteak 25 urte. 1995ean sortu zen Foruko Muinogorri elkartea, eta urte bat beranduago hasi ziren perretxikoen erakusketa antolatzen, bai eta Urdaibaiko txakolinen dastaketa egiten ere. Gaur egun, 80 kide inguru dira.
Jendeak perretxikoetan interesa zeukalako hasi ziren perretxiko erakusketak antolatzen. Elkartekideek batutako perretxikoak jartzen dituzte ikusgai; onak eta txarrak. Halere, herritarrei ere aukera ematen die eurek batutakoak bezperan eroateko.
Urdaibaiko txakolinen dastaketa uztailaren lehenengo domekan egiten dute; aurten hori ere bertan behera utzi zuten. Txakolin zuria eta gorria dastatzeko aukera izaten dute egun horretan Muinogorri txokora bertaratzen direnek. «Txakolinari bultzadatxo bat emateko asmoz hasi ginen hori antolatzen», dio Agorriak.
«Gauzak ez badira antolatzen, ez zara existitzen. Bide batez, herriari bizitza eman eta herritarrentzako gauzak antolatzen ditugu». Bietan, gainera, ehundaka pintxo banatzen dituzte.