"Baneukan gogoa neure aukerak jorratzeko eta lider papera hartzeko"
Aurtengo Giroaren protagonistetako bat izan da Pello Bilbao. Tourra eta Giroa, bi lasterketa handi jarraian egin, eta bietan maila altua erakutsi du liderrari laguntzen zein lider moduan.
Zure laugarren Giroa izan den honetan, podiuma zenuen begiz jota, eta bosgarren amaitu duzu. Orain, etxean zaudela, zelako balorazioa egiten duzu?
Inork espero ez zuen emaitza bat izan da. Nik neuk ez nuen espero hirugarren astean halako mailan eutsi ahal izatea. Erronka handi bat izan da, motibazio berezi bat; neure gustukoena den hiru asteko lasterketara bueltatu, eta Tour bat egin ostean, ikusteko ea noraino heldu ahal nintzen. Aurkikuntza handi bat ere izan da; neure buruaren deskubrimentu bat, zelan gorputzak uste dugun baino urrunago joan ahal duela beti. Taldearentzat eta bai niretzat esperientzia oso ederra izan da; denok asko gozatu duguna.
Hiru astez erregulartasuna mantendu, eta onenen artean egotea ez da erraza. Zelan lortzen da hori?
Alde batetik giltzarria burua da; beti kontzentrazioa eta motibazioa mantentzea, eta konstantzi bat norbere lanagaz. Hori guztia lortzeko, norberaren motibazioetatik aparte, taldearen jarrera ere giltzarria da. Taldeak dena eman dit Giro honetan.
Taldean laguntza eta babes oso eduki duzu, beraz.
Sekulako profesionalak eduki ditut alboan. Besteak beste, nire osasuna eta elikadura zaintzeko lan egin dutenak. Konfiantza handia daukadan Jon Basterretxea gugaz egon da azken astean, eta Aritz entrenatzailea telefonoz bada ere, etengabe planing-ak bildatzen, erlojupekoetako esfortzuak erregulatzen eta animoak ematen aritu da. Osteopaten eta masajistaren lana ere funtsezkoak izan dira, egunero gorputza bere onenera bueltatzen laguntzeko. Profesional horiek guztiak dira norbere gorputza beti egunero %100etik ahalik eta gertuen egotea posible egiten dutenak. Talde osoak babesa eman dit.
Eta taldekideen lana ere azpimarratu duzu hainbat komunikabidetan.
Txirrindulariek nire aukeretan sinistu dute, nahiz eta zerbait gaitza zen lortzeko. Maglia rosa edo etaparen bat lortzeko ilusio horregaz borrokatu dugu egunez egun, eta itzelezko babesa eman didate. Zuzendariek ere momentuoro gainetik presioa kendu didate, eta egunez eguneko helburuetan zentratzen lagundu. Horrek guztiak lagundu dit hasieratik amaierara eusten eta Giroa borobiltzen.
“Ez nuen espero hirugarren astean halako mailan eutsi ahal izatea”
Lasterketa handi batean lehenengoz izan zara taldeko liderra. Zer suposatu du zuretzat? Zure burua non ikusten duzu hobeto edo erosoago?
Gorputzaren eta taldearen arabera da. Nik sentitzen badut benetan taldeko aukerarik onena naizela, sinistaraziko diet beste guztiei ni naizela aukerarik onena, eta nire aukera jokatu behar dugula. Ostera, ikusten badut taldean ziklistaren bat dagoela ni baino hobeto egin ahal duena, taldeko beste guztiak bere alde egin behar dugula lan konbentzitzen saiatuko naiz. Eta nik neure burua konbentzituko dut beti taldean daukagun punturik sendoena laguntzeko eta taldearentzat ahalik-eta errendimendurik onena ateratzeko. Eroso sentitzen naiz baita ere beste norbaitentzat lan egin behar dudanean, Mikelegaz Tourrean egin nuen moduan. Eta motibazio bereziagaz egiten dudan lana da. Eta aurtengo Giroan moduan, nik erantzukizun hori hartu behar dudanean ere, eroso sentitzen naiz. Denboragaz ikasi dudan zerbait da, nahiz eta askotan ez zaidan tokatu lider paper hori hartzea, gustura hartu dut, eta baneukan gogoa neure aukerak jorratu ahal izateko eta lider paperean jartzeko.
Ihesaldi batzuetan sartuta, etapa garaipena ere hurbil eduki duzu. Iaz bi etapa garaipen lortu zenituen. Aurten arantza hori geratu zaizu?
Askotan etapen lehian eta sailkapen orokorraren lehian egotea ez dira bateragarriak izaten. Aurten sailkapen orokorraren borrokaren aldeko apustua egitea pentsatu dugu. Eta momentu horretan zaila da etapen jokoan sartzea. Sailkapeneko onena izanez gero, mendiko etapa batean garaipena lortzeko aukerak daude, baina ez da erraza sailkapen orokorreko guztien artetik onena izatea. Egunen batean gertu egon naiz hirugarren postu bategaz, baina oso zentratuta egon gara sailkapen orokorrean, eta aukera hori bizirik eduki dugu hasieratik amaierara.
Faborito argirik gabeko Giroa izan da; zaleentzat ikusgarria eta ezustekoak emateko aproposa. Zelan definituko zenuke 2020ko Giroa?
Lehiatu dugun etapa bakoitza azkena izan zitekeen Giroa izan da. Momentu askotan sentsazio horregaz korritu dugu, etapa bakoitzean hurrengo egunerako gordetzen ibili barik. Bakoitzak momentuko postua defendatu nahi zuen, pentsatuz edozein momentutan zarratu zitekeela lasterketa. Eta oso intentsoa eta irekia ere izan da. Txirrindulari askoren artean oso parekatuta egon dira indarrak; inoiz baino parekatuago azkenera arte. Guk barrutik bizi izan dugun moduan, uste dut ikusleentzat ere nahikoa interesgarria izan dela.
“Maglia rosa lortzeko ilusio horregaz borrokatu dugu egunez egun”
Zure lehenengo Girotik hona, zelako eboluzioa izan duzu? Zer hobetu edota ikasi duzu?
Batez ere aldaketa handiena izan da jakitun izatea benetan nire gorputzak hiru asteko lasterketetarako zerbait berezia daukala. Duela lauzpabost urte ez nuen horretan sinisten. Pentsatzen nuen hiru astetan, egunez egun, erregulartasuna mantentzea ezinezkoa izango zela niretzat. Pentsatzen nuen sailka-
pen orokorreko hiru astetako txirrindulariak beste pasta batekoak zirela, eta niretzat hori ezin izango zela inoiz izan helburu bat. Ideia horiek aldatzea giltzarria izan zen helburu hauek lortzeko egin behar den lana egiteko, eta jakitun izateko heldu gaitezkeela hiru astean errendimendu on bat lortzera.
Zelan gogoratzen dituzu aurreko Giroak?
Giroa probatu nuen lehen urtean ez nuen gauza handirik lortu; bai ikusi nuen hirugarren astean errendimenduak gora egin zuela, eta hori ere ez zen seinale txarra. Behin Girotik irtenda, sasoi oso onean sentitzen nintzen. Bigarren urtea giltzarria izan zen; 2018an, seigarren bukatu nuen Giro hartan. Hor benetan kontziente izan nintzen noizbait Giroko sailkapen orokorra lehiatzen egoteko gai izango nintzela. Eta, iaz, arazoren bat tarteko, ez nuen lortu erregulartasun hori, eta konturatu nintzen ze zaila den egun bat txarra ez edukitzea. Egun txar bat nahikoa da aukera guztiak galtzeko. Baina egoera horri buelta ematen jakin nuen, eta beste modu batera lasterketa aprobetxatzen, bi etapa irabazteko aukera izanda.
Aurten erregulartasunak saria eman dizu.
Aurtengoa sailkapen orokorrera guztiz bideratutako Giroa izan da. Azkeneraino sinistu dugu gure podiumeko aukeretan. Irabaztea zaila ikusten zen, baina ez dugu momentu batean ere ideia hori baztertu. Polita izan da esperientzia hau bizitzea, eta ikustea zelan lortu dugun sekulako lantalde bat egitea. Itzelezko itxura eman dugu zuzendarien, babesleen eta ikusleen aurrean. Eta geure buruari erakutsi diogu gugandik espero dena baino urrunago heldu gaitezkeela. Neuk eta taldekideek hori sentitu dugu momentu askotan.
Frantzitako Tourra, Munduko Txapelketa eta Giroa jarraian egin dituzu. Zelan kudeatzen da hori?
Egunero helburu txikiak planteatuz kudeatu dut. Tourrean egon naizen bitartean, inoiz ez dut pentsatu Giroan. Momentuan egiten nenbilena egiteko zentratuta egon naiz. Bakarrik hurrengo eguneko etapan pentsatuz, eta urrunegi begiratu barik. Tourra amaituta, balorazio oso ona zen. Lasterketan progesioa eduki nuen, eta hirugarren astean nire errendimendurik onena lortu nuen. Aritz entrenatzaileagaz batera, hurrengo pausoak zeintzuk izan zitezkeen ikusten egon ginen. Giroa zen bai fisikoki zein mentalki gehien exijitzen zuen helburua, baina baita ere gehien motibatzen ninduena. Munduko Txapelketan sentsazioak onak izanez gero, seguraski Girora joateko aukera hartuko nuela erabaki nuen.
Hala, Munduko Txapelketa amaituta erabaki zenuen Girora joatea.
Sentsazioak onak izan ziren, eta astebete gehiago zentratuta eta elikadura zainduta, pisurik hartu gabe eta sasoi onean mantentzen lagundu zidan. Eta erabaki nuen Giroa zela aukera onena. Tourretik neukan sasoiari lehen astean probetxua ateratzea zen asmoa, bai etaparen bat irabazteko edo maglia rosa janzteko lehen astean. Gero, apur bat norbere burua engainatuta joanda, apurka-apurka aurrean ikusi, eta egunez egun eutsiz eta maglia rosara heltzeko aukeren ilusio horregaz, hirugarren astean sartu ginen posizio pribilegiatu batean eta aukerekin. Hor argi ikusi genuen amaieraraino jo behar zela, eta sailkapen orokorraren bila joango ginela, ezer gorde barik.
“Talde osoak babesa eman dit. Sekulako profesionalak eduki ditut alboan”
Podiumeko postuetan egon ostean, lasterketa hor amaitzeko ilusioak ihes egin zizun azken egunetan.
Podiuma aukeran ikusi nuen; helburu logiko bat zen. Aurkariak zeintzuk ziren ikusita, logikoa zen pentsatzea podiumeko aukeran. Amaieran, batez ere Sestriereko etapa nahikoa larri pasatu nuen. Ez zen izan nire esfortsurik gustukoena. Benetako nekea sentitu nuen gorputzean, eta ikusi nuen gorputza mugara heldu zela. Gero, erlojupekoan errendimendu ona lortu nuen; espero genituen zenbakietan mugitu nintzen, nahiz eta sailkapen orokorrean laugarrenetik bosgarrenera pasatu nintzen. Azken egunean errendimendurik onena lortu genuen eta postu bat galdu genuen. Baina taldeak hiru astetan zehar egindako lana ikusita, uste dut gehiago ezin diogula eskatu gure buruari.
Azken erlojupekoa aitatu duzu. Abuztuan Espainiako txapeldun geratu zinen erlojupekoan. Txapeldun izateagatik presioa igarri duzu Tourrean, Munduko Txapelketan eta Giroko erlupekoetan?
Agian jendeak gehiago espero zuen. Esaterako, Tourrean, postuz espero baino atzerago egon nintzen. Niretzat aproposa zen erlojupekoa izan zen, eta ez nuen lortu espero nuen emaitza. Giroan nire errendimenduko aukeren barruan erlojupeko oso onak egin ditut. Nire zenbakirik onenetan egon naiz. Argi zegoen Giroko hirurak ez zirela nire ezaugarrietara egokitzen. Agian, Espainiako titulu horregatik erlojupeko espezialista izatea espero du jendeak. 60 kiloko ziklista batek erlojupeko jakin batzuetan errendimendu ona emateko aukera dauka, baina erlojupeko lau batean ez da erraza aurrean ibiltzea. Uste dut nire aukeren barruan lan on bat egin dudala. Ulertu behar dena da erlojupeko batzuk beste batzuk baino egokiagoak direla niretzat.
Zure bigarren Tourrean hamaisegarren sailkatu zara. Zelako balorazioa egiten duzu?
Niretzat esperientzia berri bat izan da. Aurrekoan ez genuen anbizio beragaz lehiatu. Aurten Mikelegaz %100 bat eginda egon gara talde osoa. Oso modu intentsoan bizi dugu lasterketa. Protagonista izateko beldurrik barik ibili gara, askotan modu erasokorrean jokatu dugu. Taldearen portaera eskatu ahal zen onena izan zen. Harro amaitu genuen egindako lanagaz. Mikelentzat lan txukuna eginda, nire buruagaz gustura amaitu nuen.