Kirol ikastaroak urtarrilean hasiko dira Foruan
Interesa daukaten foruarrek aurrematrikula egin beharko dute azaroaren 14a baino lehen.
Yoga, pilates eta zumba ikastaroak ez dira aurten hasiko, Foruko Udalak 2021eko urtarrilaren 18rako aurreikusten du horien hasiera. Hala ere, horietan parte hartzeko asmoa daukatenek aurrematrikula egin beharko dute, eta azaroaren 14a izango da horretarako azken eguna.
Aurrematrikula orain egingo bada ere, urtarrilaren 4tik 15era izena eman beharko dute interesdunek. Izena ematerako orduan, dagokion fitxa bete beharko dute herritarrek. Udal arduradunek azaldu modtra, lehentasuna izango dute aurrematrikula egiten duten foruarrek. J.M. Torrealdai Kultur Etxean utzi daiteke bete beharreko fitxa, edota liburutegi.forua@bizkaia.org helbide elektronikora ere bidali daiteke.
Ikastaro guztietan, gutxienez Foruan erroldatutako sei pertsona egon beharko dira. Horiek guztiak, gainera, beharrezkoak diren prebentzio neurriekin garatuko direla azaldu dute.
Urdaibai Dantza Taldean dantzari izan gura dutenek ere izena emateko aukera daukate orain. Bost urtetik gorako umeek parte hartu ahal dute taldean. Informazio gehiago gura duten herritarrek urdaibai.dantza@gmail.com-era idatzi ahalko dute.