Herriko hainbat lekutako argiteria hobetuko dute
Almike bidean, Erreten parkean, Traken eta Talan egingo dituzte hobekuntzak argiterian.
Almike bidean, Erreten parkean, Traken eta Talan hobetuko dute argiteria publikoa, hain zuzen ere. Bermeoko udal arduradunek azaldu legez, kasu batzuetan farolak tokiz aldatuko dira, beste batzuetan, argi puntu gehiago jarriko dira, eta beste zenbaitetan, berriz, argiaren norabidea aldatuko da. Lan horiek guztiek helburu berdina daukatela diote: “Bermeoko puntu horietan argiteria publikoa hobetzea, puntu ilunak ekiditze aldera”.
Hobekuntza horiek egiteko Bermeoko Udalak 17.000 euroko inbertsioa egingo du urte honetan. Lanak abenduaren hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute.
Herritarrek 2020rako aurrekontuaren gaineko parte hartze prozesuan herriko zenbait gunetan argiteria publikoan hobekuntzak egin behar zirela adierazi zuten, eta Bermeoko Udalak lan horietako batzuk hasi ditu dagoeneko. Hobekuntza lan horiek herritarrek adierazitako lehentasunak kontuan hartuta egingo dituztela adierazi dute.
Jakitera eman dutenez, lanok Bermeoko Udal Gobernuak legealdi hasieran markatu zituen ardatz estrategiko birekin daude lotuta: “Bermeo argi eta Bermeo segurua ardatzekin lotura daukate hain zuzen ere. Izan ere, udalaren helburu estrategikoetako bat da herriko eta herritarren bizi kalitatea hobetzea”.