Bermeoko Udala edukiontziak garbitzen dabil
205 edukiontzi garbituko dituzte. Joan den astean hasi ziren lanekin.
Kamioi berezi bategaz garbitzen ari dira egunotan errefusa eta papera eta kartoia batzeko edukiontziak.
Sastarrak eta papera eta kartoia jasotzeko edukiontziak hustu egiten dituzte lehenengo. Ondoren, garbiketarako kamioiak edukiontziak kamioian sartu eta sistema berezi bategaz garbitzen ditu banan-banan, bai barrutik bai eta kanpotik ere. Bermeoko udal araduradunek azaldu legez, helburua da garbitasuna bermatzea eta edukiontziak “ahalik-eta egoera hoberenean mantentzea”.
205 edukiontzi garbituko dituzte (145 errefusa jasotzekoak eta 60 papera eta kartoia biltzekoak). Joan den astean hasi ziren edukiontziak garbitzeko lanekin (gauez burutu egin zituzten lanak) eta asteon ere ari dira. Asteon papera eta kartoia biltzeko edukiontzien txanda da, eta egunez egingo dituzte garbiketa lanak. Aipatu dutenez, garbiketa lanak urtean lau aldiz egingo dituzte, hau da, hiru hilabetean behin.
Bermeoko Udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da “Bermeo garbi eta txukun bat” izatea. Zentzu horretan, abuztuan “aurrerapauso garrantzitsua” eman zutela gogorarazi dute. Izan ere, errefusa eta papera eta kartoia biltzeko edukiontzi berriak jarri zituzten, “herriak behar zuen beharrizan bati irtenbidea emanez”. Hala, edukiontzi berriak, renting sistemaren bidez jarri zituzten. Bost urterako kontratua sinatu du udalak.