Lehen Mundu Biran parte hartu zuten euskaldunak balioan jarrita
'Akurio eta Elkano 1519-1522 Bizkaitarrak Lehen Munduko Biran' erakusketa dago ikusgai, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Espedizioko parte hartzaileen egunerokotasuna erakutsi gura dute.
Munduari lehen aldiz bira eman zuten bizkaitar eta euskaldunei buruzko erakusketa ikusgai jarri dute Bermeoko Arrantzaleen Museoan: Akurio eta Elkano 1519-1522 ‘Bizkaitarrak’ Lehen Munduko Biran.
Magallanes-Elkano espedizioaren alderdi ezezagunetako bat da euskaldunen presentzia, bereziki, funtsezko postuetan egon ziren bizkaitarrena, hau da, lehen munduko bira posible egin zutenena, hain zuzen. Xabier Armendariz erakusketaren komisarioak azaldu duenez, Lehen Mundu Biran parte hartu zuten euskaldunak balioan jarri gura izan ditu: «‘Zelan egin zuten?’ galderari erantzuna ematen saiatu naiz erakusketan, hau da, zelan nabigatu zuten, zergatik joan ziren, zelan bizi ziren ontzian, zeintzuk ziren horien beldurrak eta motibazioak, zelan izan ziren gai XVI. mendean ontzi bat mantentzeko, zer jaten zuten, horien lanbideak… Gauza asko kontatzeko eta leku txiki bat horiek danak sartzeko. Orduan, Lehen Mundu Bira apur bat ahaztu eta pertsonetan oinarritu naiz, horiek izan baitziren protagonistak. Nolabait, euren egunerokotasuna erakutsi gura izan dut».
Pertsona horien inguruan, hala eta guztiz ere, datu askorik ez dagoela dio Armendarizek, eta, hortaz, aurrez argitaratuta dauden datuez baliatuta osatu du erakusketa.
Kontuan izatekoa da Armendarizen esanetan, munduari bira emateko gai izan zen XVI. mendeko ontzi bat gaur eguneko espaziontzi baten baliokidea litzatekeela: «Garaiko puntako teknologia aurreratuena zeukaten». Bestalde, dioenez, harrigarria da jakitea baita ere «zergaitik erabaki zuten hemengoek ezezaguna zuten bidai batean sartzea». Ziurgabetasuna zen haien artean nagusi, ez zeukaten erreferentziarik eta ez zekiten zer aurkituko zuten ere.
Magallanes-Elkano espedizioan 33 euskal herritarrek parte hartu zuten; horietatik zazpi bermeotarrak ziren. Horietatik sei Concepcion itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren (Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi), beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen (Pedro Sautua), eta gainerako biek –Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak– munduari bira eman zioten.
Bermeotik munduari bira ematen atera ziren zazpirak kontuan hartuta, garai hartako giroa zein zen ezagutzeko aukera ematen duela uste du Armendarizek: «Kontinente berri bat aurkitu zuten, eta dirutza egiteko aukera ugari zeuden. Orduan, bidaia hori egiteko aukera ikusi zuten, aberats bueltatzeko aukeragaz, gainera. Ziurrenik, ezagunak izango ziren zazpi bermeotarrak edota familiartekoak».
Bermeoko Arrantzaleen Museorako egindako erakusketa dela esan du Armendarizek. Hasiera bateko ideia da urtebete ikusgai edukitzea, baina kontuan izanik Lehen Munduko Bira 1519 eta 1522 artean izan zela, luzatzeko aukera ere egongo litzatekeela esan du Armendarizek. Erakusketa egiteko ideia Arrantzaleen Museoko zuzendari Aingeru Astuirena izan da; Astuik proposatuta egin du Armendarizek erakusketa. «Uste dut oso ondo geratu dela, eta jendearen gustukoa izatea espero dut. Esan beharra daukat ez dela erakusketa teknikoa. Erakusketa erraza da. Zifrak alde batera utzi ditut, beste hainbat erakusketetan aurki daitezkeelako, bai eta argitalpen ugaritan ere».
Bisita gidatuak eta gehiago. Arrantzaleen Museoaren goiko solairuan ikusi daiteke erakusketa. Martitzenetik zapatura bitartean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu daiteke, domeka eta jai egunetan, berriz, goizez bakarrik, 10:00etatik 14:00etara.
Hilero, gainera, bisita gidatuak egingo dituzte. Azaroan hasiko dira horiekin, eta liburuxka bat ere argitaratuko dute, erakusketako informazio paneletan sartu ez diren daturen bat gehiago sartuta.
Gainera, erakusketaren gaiagaz zerikusia daukaten hitzaldiak ere egingo dituztela iragarri du erakusketako komisarioak. Lehenengoa, aipatu biran parte hartu zuten bizkaitarren ingurukoa izango da; azaroaren 19rako (eguena) dago aurreikusita. Dioenez, egun horretan aurkeztuko dute, gainera, erakusketarako prestatu duten liburuxka ere. Beste hitzaldietako batean nabigazio astronomikoa izango dute mintzagai: «Gai hau garrantzitsua da. Garai hartan oraindik ez zegoen nautika eskolarik, orduan jendeak ingurukoengandik ikasten zuen».
Mairin Mitchell idazle irlandarraren La odisea de Acurio eleberriari buruz berba egiteko beste hitzaldi bat ere egingo dute. Mitchellek lekutxo bat ere badu museoan ikusgai dagoen erakusketan, eta 1978an argitaratu zen liburuaren ale bat ere ikusgai jarri dute.