Herrirako Berdintasun Zerbitzuaren eskaera berretsi du Bermeoko Mugimendu Feministak
Ehundaka herritar batu ziren atzo Lameran, zapatuko eraso sexista salatzeko.
Adin txikiko bati igogailu batean zapatuan egindako sexu erasoa salatu zuten atzo. Bermeoko Mugimendu Feministak Lamerako harrizko bankuan zeukan elkarretaratzea deituta, hala ere, ehundaka herritarrek bat egin zuten deialdiagaz eta kioskora lekualdatu zuten salaketa.
Indarkeriaren aurkako hainbat zerbitzu espezializatu daudela gogorarazi dute Bermeoko Mugimendu Feministakoek: “Aholkularitza juridikoa, arreta psikologikoa, harrera zerbitzu desberdinak, genero indarkeriaren biktimak adin txikikoak direnean programa bereziak, telefono bidezko arreta eta beste hainbeste. Zerbitzu hauetako bakoitza administrazio desberdinek kudeatzen dute”. Gogora ekarri dute, hala ere, Bermeok “ez daukala espezializatutako berezko zerbitzurik”.
Aholkularitza juridikoko zerbitzua 2014.urtean eten zela diote, “eta hor geratu da”. Bestalde, berdintasunerako berezko udal zerbitzurik ere ez dagoela aipatu dute: “Hainbat urtetan Bermeoko Mugimendu Feministaren eskaera izan da berdintasun zerbitzua bermatzea. Asko kostata, eta berandu, 2017an lortu genuen. Baina, 2019an udal gobernuak mugimendu feministaren iritziaren aurka bertan behera utzi zuen aipatu zerbitzua. Ez dugu baliabide falta hau ulertzen, eta ez dugu ulertzen zelan justifikatu daitekeen, arrazoiak eta datuak badaudelako”.
Hala, herriko datuak ekarri dituzte gogora. “2018an, esaterako, Bermeon 33 emakume erregistratu ziren emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen erregistroan. Horietatik 29 bikotekideak edo bikotekide ohiak erasotutakoak ziren, beste bi familiako kideren batek erasotutakoak eta beste bi sexu erasoengatik”.
Bizkaiko iazko datuak ere aipatu dituzte. “3.200 salaketa jarri ziren, hau da, eguneko bederatzi salaketa baino gehiago, Bizkaian. Bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeriaren kasuak 2.200etik gora izan ziren. Emakumeek familia barruan jasaten duten indarkeria tasa ere itzela da. Iaz 500 emakume baino gehiago erasotuak izan ziren familia barruan; horietatik, 118 adin txikiko neskak izan ziren. Sexu indarkeria kontuan hartuta, 235 biktima egon ziren. Mingarriena da gertatu ziren hiru sexu erasoetatik bat adin txikikoetan eman zela”. Horren guztiaren aurrean “berba politak” alde batera utzi eta instituzioei “exijitzeko” ordua dela argi daukate: “Bakoitzak bere erantzukizuna hartu eta bete behar du”.
Uste dute udal agendan “lehentasunezko” gaia izan beharko litzatekeela “genero zapalkuntzarena”, “txantxetarako kontua” ez delako: “Berdintasun teknikaria, prebentzio programak, arreta zerbitzua eta baliabideak behar ditugu. Gero eta baliabide gehiago behar ditugu, ez gero eta gutxiago”.
“Guk ez dakigu zapatu iluntzean neskatoa erasotu zuen gizona nor den, baina berak badaki eta bere ingurukoek ere bai. Berak badaki erasotzaile zikin bat dela, eta guk badakigu gure artean hainbat erasotzaile zikin daudela”. Horren aurrean argi daukate “autodefentsa feminista” beharrezkoa dela.