Gernika RTk etxean lehiatuko du ligako 1. jardunaldia, domekan
Gaztedi RTren kontra jokatuko du domekan, 11:30ean hasita, Urbietan.
Ohorezko B Mailan asteburuan hasiko dute liga. Gernika Rugby Taldeak Gaztedi Rugby Taldearen kontra lehiatuko du 1. jardunaldia, domekan [urriak 25], 11:30etik aurrera, Urbietan.
Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzailearen berbetan, “partidu gaitza” izango da: “Partidu guztiak dira gaitzak; paperaren gainean errazak izaten dira, baina partiduak jokatu egin behar dira, eta gero ikusi zer gertatzen den. Ziurgabetasunez betetako partidua da, baina etxean gaude eta etxean gauzak aurrera bota behar ditugu”. Aurreko denboraldia martxoan eten zenetik, denbora asko eman dute geldirik, entrenatu zein jokatu ezinik, eta denboraldi-aurrean bi neurketa jokatu dituzte.
Talde osoa osatu barik daukate oraindik, baina taldea “oso ondo” ikusten du: “Astiro-astiro goaz. Aurreko astean hegoafrikar berri bat etorri zen, eta datorren astean hiru gazte helduko dira. Ea denon artean gure helburua lortzen dugun. Asteon entrenamenduak oso onak izan dira. Apurka-apurka gorantza goaz. Jokalari guztiek ikusi dute zelako jokoa egin gura dugun”.
Gaztedi RTren jokoari dagokionez, ziur ez dakite zer topatuko duten, baina aurreko denboraldiaren antzeko taldea espero du Maidaganek: “Iazko jende berdina dauka. Oso aurrelari gogorrak diren hiru argentinar eta hegoamerikar bat ditu. Hor ikusiko da euren indarra. Atzelari bat ere oso ona daukate. Aurreko denboraldian arazo asko eragin zizkiguten, eta espero dugu aurten gutxiago ematea”.
Aforo mugatuagaz jokatuko badute ere, zaleen bultzada igarriko dute basurdeek. COVID garai honetan, lehiaketako lehen partidua izango dela-eta, zuzendaritzakoak zein taldekideak “apur bat urduri” daudela aitortu du: “Gauzak ondo egiteko ahalegin guztia egingo dugu. Aforo mugatua dago, baina jendea ikusten egongo da. Ea denon artean normaltasun apur bat lortzen dugun”.
Aurreko denboraldiaren helburu beragaz ekingo dio ligari talde gernikarrak: mailaz igotzeko kanporaketak lehiatzea, eta Ohorezko Mailara bueltatzea. “Play off-etara heltzea da helburua, eta gero, play off-etan ikusi noraino heltzen garen. Eta ea maila gorenera igo ahal garen”.