Busturiko Udalak Abiñako uren arazoa konpondu gura du "lehenbailehen"
Udan hasi ziren Abiña auzoa hobetzeko beharrak egiten; hesiak ipini zituzten San Antonio hondartza inguruko zirkulazioa kontrolatzeko, "ingurua lasaitzeko".
Abiña auzoan hobetze lanak egiten ari da Busturiko Udala. San Antonio hondartza inguruko zirkulazioa kontrolatzeko hesiak jarri ostean, orain, auzoan urekin dituzten arazoei irtenbidea emateko asmoa daukate, eta arazoa “lehenbailehen” konpondu gura dute.
Busturiko alkate Aitor Aretxagaren esanetan, arazo “larria” dago urekin Abiñan: “Euri asko egiten duenean ur asko pilatzen da han. Gainera, itsaso kaskarra dagoenean, ura barruraino sartzen da. Eta biak batzen baldin badira, benetako arazo larria gertatzen da”.
Alkateak dioenez, denbora daramate aipatu arazoa konpontzeko saiakerak egiten: “Kosta Mugapeagaz batzartu gara gune horretarako egokiena zer izango litzatekeen aztertzeko. Beste alde batetik, ingeniaritza bat ere kontratatu dugu irtenbide desberdinak bilatu asmoz. Diru laguntzak ere eskatu ditugu, eta asko ez bada ere, zerbait lortu dugu”.
Alkateak “ahalik eta arinen” egin gura ditu lanok. Hala ere, gogorarazi du Kosta Mugapeak daukala eskumena: “Gune horretako urak ateratzeko hodi bat sartzen badugu, emakida bat eskatu behar dugula esaten digute. Eta emakidak eskatzeak luze jotzen du”.
Udalarentzat arazo hori konpontzea, hala ere, “lehentasunezkoa” da, eta horretan “burubelarri” dabiltza. “Presa sartzen gabiltza ahalik-eta arinen lanak egiteko”. Aurten ez bada, datorren urterako konpondu gurako luke Aretxagak urekin inguru horretan dagoen arazoa. Gogora ekarri du Abiñan jendea bizi dela eta atarietara ura sartzen zaiela. Horregatik, “arin” konpontzeko gauza bat dela uste du.
Auzoa behar den moduan uzteko, etorkizunean berrurbanizazio lanak egin gura dituztela iragarri du Aretxagak. “Hango bizilagunek atarietatik irten eta errepidera ateratzen dira zuzenean, ez dago espaloirik”. Inguruan lurrak dituztenekin berba eginda daukate, eta lur horiei metro batzuk kenduta, errepidea “apur bat mugituko” dute. “Espaloia egitea da asmoa, eta inguruan dagoen bihurgune bikoitza kendu gura da, malda murriztuta”. Alkatearen ustez, lan horiek egitea “beharrezkoa” da: “Batez ere udan jende asko etortzen da, eta ingurua txukundu beharra dago. Gogoa daukagu, baina horiek epe ertainean izango dira”.
Emaitzagaz “pozik”. Udan, San Antonio hondartza inguruko zirkulazioa kontrolatzen hasi ziren hesiak jarrita, “ingurua lasaitu asmoz”. Hesien sistema “nahikoa ondo” joan da alkatearen arabera, eta emaitzagaz “pozik” daude.
Hala eta guztiz ere, hobetzeko gauzak ere badaudela dio: “Behintzat martxan hasi gara, eta badakigu zertzuk diren zuzendu beharrekoak”.