'Txikito'-ren egoeraren berri emateko auto karabana egingo dute zapatuan
Bermeotik abiatuko da auto karabana, 19:00etan.
Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal preso politikoari babesa adierazi eta informazioa emateko auto karabana antolatu du zapaturako Busturialdeko amnistiaren eta errepresioaren aurkako mugimenduak. Bermeotik abiatuko da auto karabana; 19:00etan jarri dute hitzordua Lamerako autobus geltokian. Eskualdea zeharkatuko dute Txikitoren egoera zein den azaltzeko.
Bilbaok 43 egun daramatza gose eta komunikazio greban. Euskal presoek jasaten dituzten muturreko baldintzak salatzeko greba da Bilbao egiten ari dena.
Askatasun Haizea herri ekimenak jakitera eman duenez, bat egingo dute Busturialdeko amnistiaren eta errepresioaren aurkako mugimenduak deitutako auto karabanarekin, eta bertan parte harttuko dutela azaldu dute. Herritarrak deitzen dituzte ekimenean parte hartzera.