Etxean irabazten jarraitzen du Lointek Gernika Bizkaiak
Emakumezkoen Ligaren 6. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaia 86-60 nagusitu da Al-Qazeres Extremaduraren kontra.
Sei jardunaldi lehiatu dituzte ligan, eta etxeko hiru partiduak irabazi ditu Lointek Gernika Bizkaiak. Gotorlekuan indartsu jarraitzen du. Atzo gauean lortu zuen azken garaipena Al-Qazeres Extremaduraren kontra. 86-60 nagusitu zen Malosteko taldea.
Amaieran, partidu “oso ona” egin zutela nabarmendu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. 40. minutuak jarraikortasunez jokatzea eta erasoan erritmo askogaz eta defensa sendoagaz aritzea lortu zutelako pozik zegoen: “Uste du partidu hasiera ona eduki dugula, erasokor defendatuz, saskiratze errazekin eta hirukoetan asmatzen. Eta atsedenaldiaren ostean, ildo beretik jarraitzea izan da gure helburua. Beste egun batzuekin konparatuta, defentsa indartsuagoa eta erasoko erritmoa hobea izan dira, eta horrek lagundu gaitu partidua irabazten.
Belen Arrojo Lointekeko jokalari andaluziarrak zehaztu zuen aurreko jardunaldiaren ostean “beharrezkoa zuten txip aldaketa” egin zutela: “Logroñon ez ginen behar ginen moduan atera. Taldeak lan handia egin duela eta gaur erakutsi dugula uste dut. %100 kontzentratuta egon gara; argi geneukan egin gura genuena zer zen, eta lortu dugu”.
Partidu hasierako 12-2ko partzialak argi erakusten du etxeko taldeak hasieratik eduki zuen nagusitasuna. Bizi hasi ziren Lointekekoak. Defentsan zein erasoan gogor eta jaurtiketetan asmatzen. Erritmoa apur bat jaitsi zutenean, aurkariek euren aukera aprobetxatu zuten. 25-13 amaitu zuten lehen laurdena. Jarraian, batzuen zein besteen hirukoen festagaz busti zen Maloste.
Hamalau puntuko aldeagaz ailegatu ziren atsedenaldira (49-35). Lanera bueltan, bestelako erritmoagaz ikusi ziren etxekoak. Baina, berehala bizkortu ziren. Arrojo buru zutela, talde lan ederra egin zuten. Horrek, azken laurdenerako abantaila handia lortzeko balio izan zien (69-48). Neurketa ia erabakita bazegoen ere, lehia biziak segitu zuen kantxan. Cacereseko taldearen jokalariak aldea murrizten saiatu ziren; Christinakiren bakarkako jokaldiekin puntuak pilatzea zen euren helburua, baina greziarrak ez zuen egun ona eduki. Lointekeko Buch, ostera, bere saltsan aritu zen. 25 puntu baino gehiagoko abantailagaz, Lopezek jokalarien artean minutuak banatzea erabaki zuen, eta besteak beste Marta Alberdi gernikarra kantxaratu zen.
Jardunaldiko eskoltarik onena. Roso Buch Emakumeen Endesa Ligako seigarren jardunaldiko eskolta onena izendatu dute, Alter Enersun Al-Qazeres Extremaduraren aurka 26 puntuko balorazioa lortu ostean. Kataluniarrak 22 puntu lortu zituen partiduan, berak bakarrik dakien bezala gozatuz. Jardunaldiko boskote onenaren barruan dago, Paula Estebas (CD Promete), Rebecca Allen (Valentzia Basket), Maria Araujo (Spar Uni Girona) eta Sika Kone (Spar Gran Canaria) jokalariekin batera.
Derbia Gasteizen. Hurrengo jardunaldian euskal derbia egongo da ligan. Lointek Gernika Bizkaiak Kutxabank Araskiren kontra jokatuko du zapatuan, 18:30ean hasita, Mendizorrotzan. Gernika-Lumoko entrenatzailearen berbetan, “derbiak beti dira lehiatuak”.
Ligaren sailkapenean seigarren dago talde gernikarra, eta puntu bakarreko aldeagaz, hamaikagarren talde gasteiztarra. Sailkapenaren goikaldean, hamabina puntugaz daude Perfumerias Avenida, Valencia BC eta Spar Girona.
Ligan edozer gerta daitekeela eta, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dutela nabarmendu du Arrojok: “Partidu guztietan asko borrokatu behar gara, jardunaldi guztietan ikusten den moduan, edozer gertatu daitekeelako”.