Nestor Basterretxea aretoan egingo dute batzarra, 19:00etan. 54 lagunentzako lekua egongo da.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanera joateko aparkaleku berria egiteko asmoa zeukala iragarri zuen orain dela urtebete. Urizarretan egin gura zuten aipatu aparkalekua, hain zuzen ere. Horrenbestez, orain dela urtebete sortu zen SOS Gaztelugatxe plataforma ere.
Urtebetean lan handia egin dute SOS Gaztelugatxe plataformakoek. Orain arte eman dituzten urratsak baloratzeko, azken berriak elkarbanatzeko eta aurrerantzean emango dituzten urratsak erabakitzeko garaia dela uste dute plataformako kideek. Horregatik, batzar informatiboa deitu dute barikurako.
Nestor Basterretxea aretoan egingo dute batzarra, 19:00etan hasita.
Jakitera eman dutenez, osasun neurriak errespetatuz, 54 lagunentzako lekua baino ez da egongo. Gainera, beharrezkoak diren arau guztiak errespetatuko dituztela azaldu dute.
Herritarrak animatu dituzte parte hartzera, “horien iritziak ezagutu gura dituztelako”.