Bermeoko Udalak zapatuan izandako sexu eraso bat salatu du
Bermeoko Mugimendu Feministak sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo du bihar, 19:30ean, Lamerako harrizko bankuan. Udalak elkarretaratzearekin bat egingo du.
Bermeoko Udalak “irmotasun osoz gaitzetsi” gura du joan den zapatuan, urriaren 17an, Bermeon izandako sexu erasoa; era berean, “samina” agertu dute. Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztiek sinatutako adierazpen instituzionalean diotenez, ekintza hori “osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa da, eta gainera, giza eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez”.
Bermeoko Udalak horrelako ekintzak “arbuiatu eta ulertezintzat” jotzen ditu. Halaber, biktimari eta baita gertukoei ere, babesa helarazi gura diete.
Bermeotarrei gogorarazi gura die “eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela”. Ildo horretan, udalak emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak “arbuiatzen” ditu, “keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta”.
Hori guztia kontuan hartuta, Bermeoko Udalak edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei, eta ondorioz, “inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera” gonbidatzen ditu: “Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean”.
Elkarretaratzea. Bermeoko Mugimendu Feministak zapatuko sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko. Erasorik EZ, Erantzunik barik lelopean batuko dira 19:30ean, Lamerako harrizko bankuan.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, aipatu erasoa gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du. Gainera, azaldu dutenez, Genero Indarkeriaren alorrean Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuak behar dituztenen esku jarriko ditu, “arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz”.