Urdaibai Biosfera Erreserban oinezkoen mugikortasuna hobetzeko lanak egiten dabiltza
Irekita daude Kanalan oinezko ibilbide bat egokitzeko eta Foruan zurezko pasabide bat egiteko eskaintzak aurkezteko epeak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak oinezko mugikortasuna hobetu gura du Urdaibai Biosfera Erreserban, eta horretarako zenbait lan egiten dabiltza.
Jakitera eman dutenez, Kanalako landagunean eta inguruan dauden eraikinetarako iriste erraztasuna bermatuko duen ibilbide bat egin gura dute. Joan den urriaren 9an atera zituzten aipatu lanak lizitaziora, eta diotenez, 530.000 euro inguruko kostua izango dute. Ibilbide zati horrek jarraipena emango dio Ibarrangelu eta Gautegiz Arteaga arteko oinezko ibilbideari. Kanalatik Laidarainoko zatia orain dela urte batzuk egin zuten, eta Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzen arteko lanak egiten ari dira.
Beste alde batetik, Forua eta Kortezubi artean dagoen oinezko eta txirrinduentzako pasabidea konpontzeko lanak egin gura dituzte. Horretarako, azaldu dutenez, urriaren 9an argitaratu zuten eskaintzak aurkezteko epea. Pasabidea konpontzeko lanek 150.000 euroko kostua izango dute. Lan horien bitartez, Baldatika ibaiaren ibilgua Oka itsadarrarekin elkartzen den lekua berreskuratuko da. Azken urteetan, Oka itsasadarreko ezkerraldean dagoen pasealekua higatu egin da eremu horretan, “itsasaldien eta ibaiaren joan-etorrien eraginez”. Lanekin, aire zabalean geratuko da ibilgua: “Ibaiertzak berreskuratuko dira bioingeniaritzako tekniken bidez, eta zurezko pasabidea egingo da”.
Bi jarduera horiek Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzua aurrera eramaten ari den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren barruan daude kokatuta, eta hain zuzen, 1984an Urdaibai Biosfera Erreserba deklaratzeko orduan ezarritako helburuei erantzuten diete.
Hala, diotenez, jarduera horien bidez, UNESCOren MaB programa oinarritzen den kontserbazio eta garapen jasangarriko helburuak lortzen lagunduko da, emisioak murriztuz eta, beraz, klima-aldaketaren ondorioak arinduz. Horrez gain, Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatu eta espazio hori osatzen duten herrigune guztietara oinez edo bizikletaz iristeko aukera emango da, mendebaldeko eta ekialdeko zatien arteko lotura bultzatuz.