Jaurlaritzak mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak hartu ditu
Egun gutxi barru sartuko dira indarrean, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero.
Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) zapatuan bildu zen. Egoera epidemiologikoa aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen pertsonen mugikortasuna mugatzeko neurriak aldatzea, “euren segurtasuna bermatzeko eta birusaren hedapenari eusteko”.
Bileraren ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoan zerrendatu zituen adostutako neurri berriak. Hala, talde bilerak, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dira (hamarrekoa da oraingo muga). Beste alde batetik, %50eko edukiera ezarri dute jarduera guztietan, hau da, ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultura ekitaldietan, zeremonia erlijiosoetan eta igogailuetan. Ostalariek, gainera, gauerdian zarratu beharko dute, eta umeentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili. Jende asko elkartzen den ekitaldiei dagokienez, 400 pertsonako muga ezarri dute eremu itxietan, eta 600ekoa, berriz, espazio irekietan. Txoko eta elkarte gastronomikoetako jarduera ere debekatu dute, eta azkenik, kirol lehiaketa federatu gabeak bertan behera geratuko dira.
Neurri berriak asteon sartuko dira indarrean, “EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero”.
Sagarduik esan zuen Biziberri II planean aurreikusitako bost egoeretatik laugarrenean dagoela Euskal Autonomia Erkidegoa. Gaineratu zuenez, laugarren agertoki hori ezartzeko, hiru adierazle hartu dituzte kontuan. Batetik, hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa: “100.000 biztanleko 323koa da”. Kutsagarritasun indizean bai, gomendatuko muga gainditu da: “Batetik gorakoa da (1,27); hau da, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du”. Eta, azkenik, ZIUetan okupatutako ohe kopurua: “50 pertsona baino gehiago daude zaintza intentsiboetan, baina 620 ohe ere izan ditzakegu COVID-19 kasuetarako”.
Kasuak detektatzeko eta bakartzeak azkarrago abiatzeko ere aztarnarien sarea indartuko dutela esan zuen, beste 45 langile kontratatuta.
Bestalde, kasu positiboen isolatze-denbora hamar egunera murriztu dute, sintomak agertzen direnetik edo ospitaleratuta egon diren pazienteen kasuan ospitaleko alta ematen dietenetik (lehen hamalau egunekoa zen egoitzetan eta ospitaleratuetan) hasita, baldin eta gutxienez hiru egun egon badira sintomarik gabe. Kontaktuen berrogeialdia era hamar egunera jaitsi da, gaixotasunen prebentziorako eta kontrolerako Europako zentroaren gomendioei jarraituz.
“Goranzko joera aldatzea bakoitzaren esku dago; gure esku dago”, esan zuen Osasun sailburuak.