Gernikak garaipenagaz hasi du denboraldia
Ligako lehen jardunaldian, SD Gernika Club-ek 2-1 irabazi dio Real Sociedad Cri. Erasoan zein defentsan nagusituta, partidua kontrolpean eduki du talde gernikarrak.
Hirugarren mailan asteburuan hasi dute liga, eta SD Gernika Club-ak garaipenagaz hasi du denboraldia. 2-1 irabazi zion Real Sociedad Cri, atzo, Urbietan.
Oro har, nagusi izan zen talde gernikarra; defentsan zein erasoan hobetu aritu zen. “Sentsazioak onak dira, eurak baino nahikoa hobeak izan ginen”, esan du Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak.
Lehen zatia parekatuagoa izan zen. Etxekoek aurkariek baino aukera gehiago eduki zituzten, eta partiduaren kontrola eduki zuten, baina, gernikarren akats batean talde gipuzkoarrak aurrea hartu zuen markagailuan. 30. minutuan egin zuen Real Sociedadek 0-1ekoa. Eta handik hamar bat minutura berdindu zuen markagailua Entziondok. Atsedenaldira “sentsazio onekin” joan zirela zehaztu du Valesek: “Taldea gauzak ondo egiten ari zen; antolaketa onagaz eta aukariak ondo estutzen. Agian, jokoan lasaitasuna mantentzea falta izan zitzaigun apur bat; hain arin ez erasotzea”.
Bigarren zatian aurkaria mendean eduki zuen talde gernikarrak. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Sukiak txartel gorria ikusi eta jokalari bat gutxiagogaz geratu zen reala. 50. minutuan etxekoen bigarren gola egin zuen Gorka Markosek. “Garaipenaren golaz gain, laupabost aukera argi eduki genituen”. Minutu batzuetan, aurkariek joko zuzenagaz berdinketaren gola egiten ahalegindu ziren, baina ez zuten arriskua sortzerik lortu. “Espero genuen Realagaz topatu ginen; partiduan sortu ziren eszenatoki desberdinak guxi gorabehera aurretik hitz egindakoak izan ziren. Beti ere aurkaria errespetatuta, baina gure jokoa zen guri inportan zitzaiguna. Guk gauzak ondo egitea. Garrantzitsua da jokalariek jakitea gura duguna eta entrenatzen ari garena egiteko gai bagara, esateko asko daukagula”, azaldu du Gernikaren entrenatzaileak.
Tolosan hurrengo partidua
Asteburuan Gernikak Tolosaren kontra lehiatuko du hurrengo partidua.
Aurre-denboraldian landutako ildoari jarraituz, lan egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du Valesek: “Berdin lan egiten segitu behar dugu. Defentsan talde fidagarria izan behar gara, eta jokatu gura dugun horrekiko fidelak izan. Horretarako entrenatzen dugu egunero”.
Asteburuan Tolosak hutsean berdindu zuen Sestao Riverren kontra. “Lehiaketa oso berdindua da. Kategoria hauetan partiduak detaile gutxi batzuetan erabakitzen dira. Kezkatu behar gaituena ondo entrenatzea eta ondo lan egiten segitzea da. Entrenatzen duguna partiduetan egiten saiatu behar gara. Hori egiten badugu bide onetik joango gara”.