Etxetik kanpo irabazi barik jarraitzen du Lointek Gernika Bizkaiak
Emakumezkoen Ligaren 5. jardunaldian, 59-47 galdu du Campus Prometeren kontra. Ligan hiru jardunaldi lehiatu dituzte etxetik kanpo, eta hirurak galdu ditu talde gernikarrak. Aste honetan ligako bi partidu dituzte: Al-Qazeresen kontra etxean, eta Araskiren kontra Gasteizen.
Malostetik kanpoko garaipenen gose dira Lointek Gernika Bizkaian. Bost jardunaldi lehiatu dituzte ligan, horietatik hiru etxetik kanpo eta hirurak galdu ditu. Malosten jokatutako bi partiduetan, berriz, garaipena lortu du talde granateak.
Bariku gauean lehiatu zuten Errioxan 5. jardunaldiari dagokion partidua. Campus Prometek 59-47 hartu zuen mendean Lointek Gernika Bizkaia. Asmatzea falta izan zitzaion talde gernikarrari, eta huts egiteak porrotagaz ordaindu zituen.
Etxeko taldea biziago kantxaratu zen, eta saskiratzeekin asmatu zuen. Diarra etxeko jokalariak lehen minutuetatik min handia egin zion talde gernikarrari. Bere maisutasuna agerian utzi zuen, esaterako, partiduan lortutako 24 erreboteekin.
8-2ko markagailuagaz hutsartea eskatu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. Ez zuen aurreko partiduetako huts egiteak errepikatzerik gura. Logroñoko taldeak ezarri zuen erritmoa. Laia Flores geldiezin aritu zen lehen laurdenean. Lointekeko Nogale Yo kantxaratu zenean, talde gernikarra gehiago ikusi zen erasoan. Lau puntuko aldeagaz (13-9) amaitu zuten lehen zatia, eta bigarrenean ere saskiratzeetan asmatu ezinik ibili zen talde granatea.
Cesar Aneas Prometeren entrenatzaileak zonakako defentsa ezarri zuen. Barruko jokoa indartzeko estrategiak ez ion balio izan Lointeki; erabaki horrek ez zituen esperotako fruituak eman. Etxeko taldea, ostera, urrutiko jaurtiketekin ahalegindu zen behin eta berriro. Mario Lopez etenik barik alternatibak bilatzen aritu zen, baina ez zen ailegatu esperotako emaitza. Angie Bjorklund hegaleko jokalari estatubatuarrak sartu zuen Lointeken lehen hirukoa, eta bera izan zen jaurtiketekin argi apur bat eman zuena. 28-20ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Lointekekoek bazekiten hirugarren laurdena giltzarria izango zela markagailua irauli eta garaipena lortzeko zereginean. Lointeken partiduko minuturik onenak hirugarren laurdenean izan ziren. Defentsan sendo ikusi zen, aurkariengan huts egiteak eraginez. Puntu bakarreko aldeagaz zeudela etxeko entrenatzaileak neurketa geratu zuen. Jarraian, Barneda eta Floresen hirukoak kolpe gogorra izan ziren talde gernikarrarentzat, eta Lopezek hutsartea eskatu zuen. Bederatzi puntuko aldeagaz sartu ziren azken laurdenera (45-36). Baina, partidua ez zegoen erabakita, eta Lointekekoek ez zuten amore eman. Bjorklund-ek ondo asmatu zuen. Roundtreeren eta Loren laguntza eduki zuen. Talde granatearen esfortsua igarri zen kantxan, eta hiru puntura ipini zen. Jaurtiketa erosoak aurkitu zituen, baina horiek puntuetan islatzea falta izan zitzaion taldeari.
Aste honetan bi. Barikuko porrota ahaztu, eta asteon dituen bi hitzorduak prestatzeko lanean dago talde gernikarra. Eguaztenean [urriak 21] Al Qazeres-Extremaduraren kontra jokatuko du Malosten, 21:00etatik aurrera.
Zapatuan [urriak 24] etxetik kanpoko lehen garaipenaren bila joango dira Gasteizera. Araskiren eta Lointeken arteko derbia 18:30ean hasiko da.