Pedro Txindarza munduari bira eman ziotenen artean sartu du Guinness World Recordesek
Cabo Verden preso geratutakoak sartu ditu Guinness World Recordsek munduari lehen aldiz bira emandakoen zerrendan. Marinelen euskal jatorria ere aitortu dute.
Guinness World Recordsek (GWR) eguneratu egin du Lurraren lehen itzuliari buruzko informazioa. Batetik, Cabo Verden preso geratutakoak sartu ditu munduari lehenbizikoz bira emandako marinelen zerrendan. Horien artean dago Pedro Txindarza bermeotarra. Bestetik, marinelen euskal jatorria aitortu dute.
Bermeo izan zen Magallanes-Elkano espediziorako partaide gehien eman zuen Euskal Herriko herria, zazpi, hain zuzen ere. Gehienak itsasgizonak ziren, baina arotz bat eta istinkari edo bikeztatzaile bat ere bazeuden. Horietatik sei Concepcion itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren (Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi), beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen (Pedro Sautua), eta gainerako biek –Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak– munduari bira eman zioten.
Orain arte Akurio kontramaisua agertzen zen GWRen zerrendan. Orain, Elkano Fundazioari esker, Txindarza bermeotarra eta Pedro Tolosa tolosarra ere sartu dituzte aipatu zerrendan. Elkano Fundazioak azaldu duenez, Cabo Verden preso egon ondoren 1522ko abenduan –Victoria ontzia iritsi eta hiru hilabetera–, Gaztelara itzulitako hamabi marinelei buruzko informazioa ere sartzeko eskatu zuten. “Karlos V.aren bitartekaritzari esker atera ziren marinel haiek kartzelatik, Elkanok berak hala eskatu baitzion enperadoreari idatzi batean”.
31 gizon eta ez 18. Cabo Verden preso geratutakoak zerrendan sartu ondoren, Guinnes liburuak aitortu du lehen mundu bira osatu zuten gizonak ez zirela hamazortzi izan, baizik eta 31.
Gainera, errekorren erregistroei buruzko webgunean, ingelesezko edizioan jaso da Juan Sebastian Elkano Getariako marinela euskalduna zela –eta abizenaren euskal grafia ere onartzen da, Elkano alegia–; era berean, beste bost nabigatzaile ere euskaldunak zirela aitortu da: Juan Akurio kontramaisua, Juan Arratia marinela, Juan Zubileta morroia, Pedro Tolosa –itsasmutil hasi eta despentsari bihurtu zena– eta Pedro Txindarza morroia edo txoa.
Azkenik, geografikoki lehen mundu bira Cabo Verden burutu zela jasotzen du GWRek.
Fundazioaren iritziz, Guinness World Recordsen egindako eguneratze horren bitartez, lehen mundu biraren faktore garrantzitsu bat aitortu da: “Faktore kolektiboa; izan ere, proiektu hark hainbat herrialde, kultura, hizkuntza, sinesmen eta klase sozialetako jendea batu zuen, eta espedizio hartan parte hartu zuten guztien elkarlanari eta ahaleginari esker burutu ahal izan zen”.