Gernikak Real Sociedaden kontra hasiko du liga
Talde gernikarrak Urbietan lehiatuko du ligaren lehen jardunaldia, domekan, 17:00etatik aurrera. Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak dio denboraldi-aurre "ederra" egin dutela, eta taldea domekan lehiatzeko prest dagoela.
Hirugarren mailako taldeek asteburuan hasiko dute liga. Gernika Club-ek Real Sociedad C hartuko du Urbietan, domekan [urriak 18]. 17:00etan hasiko da partidua. Aurrerak, berriz, hurrengo asteburuan ekingo dio ligari.
Aspaldiko partez bazkideak eta gainontzeko zaleak egongo dira Urbietako harmailetan, eta klubak prest dauka segurtasun protokoloa. Oscar Vales Gernikaren entrenatzailearen berbetan, “ez da erabateko normaltasuna” izango, baina bete beharreko protokolo guztiekin “lasaitasunez lehiatzea” espero dute. Jokalariak hasteko gogo askogaz daudela dio, eta lehiatzeko eta partiduak jokatzeko “beharrizana” daukatela: “Taldea animatuta ikusten dut. Denboraldi-aurre ederra egin dugu, eta taldea domekan lehiatzeko prest dago”.
Liga hasierara lehiatzeko baldintzarik onenetan ailegatzeko lan egin dute, eta pozik dago emaitzagaz: “Domekako partidurako momentu aproposean gaude. Partiduen erritmoa bilatzea, etorri berriek jokoa ezagutzea eta jokalariak eta taldea sasoi onean egoteko lan egitea bilatu dugu denboraldi-aurrean”.
Aurkariari dagokionez, talde gaztea eta erritmo askokoa espero dute, “talde ausarta”. Futbolean ondo jokatuko duena. “Alde horretatik badakigu zer topatuko dugun. Denboraldi-aurrean partidu ia denak ateak itxita jokatu dira, eta bideorik ez dugu ikusi, baina gutxigorabehera badakigu zelako partidua izango den, eta zelako zailtasunak aurkituko ditugun. Eta non min egin ahal diogun, eta egin ahal digun”.
Aforo mugatuagaz bada ere, etxekoen babesa igarriko dute jokalariek: “Futbola zaleena dela uste dut, kategoria guztietan. Gainera, gurea bezalako klubak, neurri handi batean euren menpe daude. Ez da berdina publikoagaz edo publiko barik jokatzea. Animo eta sentsazio aldetik garrantzitsuak izateaz gain, egoera honetan ekonomiko laguntzeko ere beharrezkoak dira. Klub txikiak bideragarri izateko garrantzitsua da zaleak zelaietara sartu ahal izatea. Apurka-apurka, pausoz-pauso joan behar gara, eta bete behar ditugun arauak errespetatuta, noski”.