«Lan hau egitea hizkuntza berri bat ikastea legez izan da»
Konfinamendu sasoian grabatutako lana aurkeztuko du Moxalek bariku honetan, Lizeo antzokian. Kontzertu lasaia eta intimoa izango da, akustikoa. Emanaldia 20:00etan hasiko da.
Bigarren diskoa grabatzen hasita harrapatu zuen konfinamenduak Hannot Mintegia Beaskoa (Gernika-Lumo, 1978). Moxal da bere proiektua, eta zortzi abesti dakartzan lana sortu eta grabatu du itxialdian. Estudioan gordeta duen ‘bigarren diskoaren’ aurretik kaleratu duen honek Arrebetxe du izenburu, konfinamendua arrebaren etxean igaro zuen-eta.
Bigarren diskoa izan behar zena eta ez den bigarren lana da orain atera duzuna.
Bai, bigarren diskoko kanta batzuk baditut grabatuta, estudio batean. Betiko produktorea den Jose Lastrarekin laupabost abesti grabatu nituen. Baina gero, konfinatzeko agindua etorri zen, eta arrebaren etxean egon nintzenez, bertan egin dut bigarren lan hau: bertan sortu ditut abestiak eta bertan grabatu eta nahastu dut diskoa. Ekainean amaitu nuen eta uztailean kaleratu.
Lan honekin emango duzun lehenengo zuzenekoa izango da barikukoa, Lizeo antzokian.
Bai, bertan aurkeztuko dugu eta formatu lasaian izango da, akustikoan. Gogotsu gaude.
Bakarkako lan hau, intimoa ere bada. Lizeoko emanaldia ere desberdina izango da?
Kontzertu oso lasaia izango da. Lehenengo diskoa oso desberdina da, zaratatsuagoa, elementu gehiagorekin. Hortaz, kontzertuak ere halakoak ziren. Lan hau lasaiagoa da, sinpleagoa nolabait esateko, eta zerizan horrekin joko dugu. Disko berri honetako piezak joko ditugu, eta aurreko diskoko zenbait ere. Sorpresa modura, bertsio pare bat edota Audiencekin jotzen nituen abestiak entzungo dira.
Kolaboraziorik ez da oraingoan, beraz.
Ez, oraingoan ez.
Konfinamenduan sormen lana, nolabait, leku atsegin bat bihurtu zen niretzat”
Konfinatuta egindako lan honek zer transmititu nahi du?
Hasieran, hau guzti hau ariketa bat legez hartu nuen. Gitarra nuen etxean, eta denbora libre asko. Musikarekin saiakerak egitera ohituta nago, baina ez orain egin dudan modura; hau da, zerbait hasi eta amaitu. Horrela hasi ziren abestiak sortzen, eta hasiera bateko asmoa disko instrumentala egitea zen arren, jo ahala abestiak forma hartzen joan ziren. Atera zaidana da disko labur bat, eta lasaitasuna transmititzen du. Konfinamendu garaiko sormen lana, nolabait, leku atsegin bat bihurtu zen niretzat. Erraz atera zitzaidan, inolako estuasunik barik. Bestalde, nire arrebarekiko eskertza modu bat ere izan da, eta hortik diskoaren izena: Arrebetxe.
Lanean gustura, beraz.
Oso gustura. Aurreko diskoan kolaboratzaileak izan ditut, jendearekin lan egitea gustuko dudalako, eta inoiz ez dut nik bakarrik jo. Baina disko hau egiteak bete egin nau, eta jendeak gustuko duela esan dit, gainera.
Aipatu duzu estuasunik barik egindako lana dela, eta abestietan nabari da, erritmo eta melodia lasaietan. Ahotsak ere ukitu ezberdina du. Nahita egindakoa da?
Bai, egia da ahotsa desberdin atera zaidala. Ez da nahita egindakoa baina kontziente naiz. Jendeak ere nabaritu du, eta komentatu didate zertxobait falsetto dagoela. Modu desberdinean abestu dut baina horrela atera zaidalako, ez da nahita izan. Egia da mikrofono berria erabili dudala, eta normala den arren, agian eragina izan du. Dena den, abesteko modua bakarrik ez, gitarra jotzeko modua ere desberdin atera zait oraingoan.
Abesteko moduaz gain, gitarra jotzeko modua ere desberdin atera zait oraingoan”
Hasiera batean buruan zenuena eta emaitza, bat datoz?
Zentzu askotan bai, bat datoz. Agian nire lan ordenatuena izan da, horretara jarri eta amaitu egin dudalako. Zortzi abesti sortu ditut, eta horietako bat egun batean egin nuen. Lan egiteko modua ere desberdina izan da. Zerbait interesgarria ateratzen zitzaidanean grabatu eta gorde egiten nuen. Gero, egun batzuetara berriro entzun eta ordenatu egiten nuen. Hori izan da lan egiteko modua; momentuan momentukoa, eta konpromisorik barik.
Dena den, lan honek lehenengo lanetik ere zerbait badu. Abestiek ere lehenengo diskoaren izena daramate. Zein da lotura?
Gustuko dut sormen lan hori, tituluak jartzearena. Hasiera batean abesti denei Zaldikatu izena jarri behar nien, enumeratuta. Baina, azkenean, abesti batzuk bakarrik izendatu ditut horrela, niretzako libreenak direnak, zelanbait esateko. Hala ere, lehenengo diskoarekin jarraipen bat egon badago, Audiencen eta Moxalen artean jarraipena dagoen bezala. Baina oraingoan, aipatu behar dut soinu artxiboan bilduta ditudan piexak ere erabili ditudala. Eraldatuta, baina abestietan badaude lehenagoko diskoko zati batzuk, edota Jai Alai Blues dokumentala grabatu genuenekoak.
Bigarren disko horrek ekarriko ez duen zer dakar lan honek?
Hizkuntza berri bat da sortu dudana. Horren asmorik barik, baina sortzeko, grabatzeko, jotzeko eta abesteko era bat asmatu dut. Beraz, niretzat lan hau egitea hizkuntza berri bat ikastea legez izan da. Moxal den proiektuari beste perspektiba batetik begiratzea izan da. Horregatik, aurreko diskoko kantak ere, barikuan, erregistro horretara moldatuko ditugu.
Lan berri hau erakusteko gogoz zaude, beraz.
Bai, eta orain inoiz baino gehiago. Guk kontzertu askorik ez ditugu eskaintzen, beraz, niretzat bereziak dira denak. Gero, aste bi barru bueltatuko naiz Lizeora, Aitor Etxebarriarekin.