Garitaonaindia, "sasoiko argia"
50 urte beteko dira bihar Gotzon Garitaonaindia zendu zena. Abade etorri zen Mañura, eta Bermeoko ibilbidea laburra izan bazen ere, oparoa izan zen. Haren figura ezagutarazi gura dute.
Bermeotar askok ezin dute ahaztu Gotzon Garitaonaindia Gorordok Bermeoren alde egindako lana. Gizon «karismatikoa eta intelektuala» zela diote Garitaonaindia ezagutu zutenek. Bermeotarren etxebizitzetan eta bihotzetan sartzeko «gaitasun berezia» izan zuen.
Gotzon Garitaonaindia Urdulizen jaio zen, 1936.urtean. Derioko apaiztegian ikasketak egin ondoren, 1963an, Bermeora etorri zen abade, hain zuzen ere Mañu auzora. «Askatasun falta eta zapalkuntzako sasoi hartan» Garitaonaindiak hizkuntzaren eta euskal kulturaren garrantzia zabaldu zuen herritarren artean; batez ere, gazteekin batzen zen.
«Zoritxarrez», oso gazte hil zen, 1970. urteko urriaren 15ean zendu zen, 33 urte zituela. Bermeon egin zituen urteak gutxi izan baziren ere, lan handia egin zuen, eta hainbat proiektu bideratu zituen.
Bihar, 50 urte beteko dira hil zenetik, eta data hori gogoan izan gure dute. Hala, Garitaonaindiak berak bere garaian sortutako Sukarri elkarteak, Euskeraz Berbetan taldeak eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak jarduera desberdinak antolatu dituzte.
Sasoiko abestiak. Barikuan, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan, Garitaonaindiaren lagunek antolatuta, ekitaldi berezia egingo dute. Sukarrikoek Garitaonaindiagaz batera egin zituzten antzerkietako abestiak jo gura dituzte agertokian. Azaldu dutenez, Xabier Amurizak eta Garitaonaindiaren familiako kideren batek ere parte hartuko dute ekitaldian; Garitaonaindia zelakoa zen azalduko dute. Berba egiten duten bitartean, bestalde, argazkiak ere jarriko dituzte.
Segurtasun neurriak betetzeko, aretoaren edukiera murriztua izango dela gogorarazi gura izan dute antolatzaileek, horregatik, 54 lagunentzako lekua baino ez da egongo.
Urriaren 25ean (domeka), berriz, urtero sasoi honetan egiten duten modura, haren omenezko meza ospatuko dute Mañun, 11:30ean hasita.
Beste alde batetik, Euskeraz Berbetan taldeak Garitaonaindia nor izan zen ezagutarazi gura du, herriko gazteek zein zen jakiteko eta hark egindako lana ezagutzera emateko. Horretarako, joko digital bat egin dute. Jakitera eman dutenez, QR kode bidez edonork jokatu ahalko du. Pista bidezko jokoa da, ginkana modukoa.
Herriko ikastetxeekin harremanetan jarriko direla diote, gazteen artean ahalik-eta gehien zabaldu asmoz. «Uste dugu Bermeon galduta dagoen figura bat dela, eta herriarentzat oso garrantzitsua izan zen. Bermeon berak egin zuen euskararen aldeko bultzada handia», azaldu dute Euskaraz Berbetan Taldeko kideek.
Kolaborazio ugari. Sukarri elkarteko kide izan zen Kontxi Gabantxo. Garai hartako askorentzat Garitaonaindia «benetako argi bat» izan zela dio: «Nik esaten dut, Matxitxakoko itsasargiak egiten duen modura, Garitaonaindiak argia ematen zigula. Orduko iluntasunean argia ematen zuen».
Gabantxok gogorarazi duenez, Garitaonaindia 1963an Bermeora iritsi zenean oraindik Franco bizirik zegoen, eta gauza asko ezin zitezkeen egin. Hala ere, Garitaonaindiaren «bultzada» eduki zuten: «Beragaz hasi ginen lehenengo euskara eskolak ematen, hau da, euskaraz alfabetatzen».
Idazlea ere bazen. Karmel, Olerti, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Agur aldizkarietarako kolaborazioak ere egiten zituen Garitaonaindiak, eta bermeotarrak horiek banatzera animatzen zituen, harpidedunak egitera eta euskaraz irakurtzera. Gainera, 1967an, Balendin Uriona txirrindulari ospetsuaren biografia argitaratu zuen. Harena da, halaber, Paulo VI.aren Populorum Progressio obraren itzulpena (Errien Aurrerakuntza, 1967).
Bermeoko ikastolaren sorreran ere egon zen, lagundu egin zuen, «bere ikutua emanez».
Langile fina ere bazela diote lagunek. Abadea bazen ere, kontserba enpresa batean lan egiten zuen. Lana bila joan zenean, gainera, bulegoetan barik, kontserba fabrikan bertan lan egin gura zuela esan zuen, «bertako andre eta gizonekin, arrainagaz zuzenean lan egin gura zuen». Horrez gain, iluntzeetan gazte eta ez hain gazteekin berbaldiak, euskara eskolak, antzerkiak, jaietako ekitaldiak, danborrada, herri kirolak, bertsolaritza… antolatzen ibiltzen zen, betiere, «euskalduntasun kutsuagaz».
Oso musikazalea zen, mota guztietako musika zuen gustuko, eta zaletasun hori inguruan ere zabaldu zuen. Abesti asko euskaratu zituen.
Gainera, herriko familia askogaz «harreman estua» eduki zuen: «Adina kontuan izan barik, etxe guztietan sartzen jakitzen zuen, baita bihotzetan ere».
Sukarriren sorrera. 1967an sortu zuten Sukarri elkartea. Hasieran mendiko talde bat modura eratu zuten. Hala ere, mendira joateaz gain, beste hainbat gauza ere egin zituzten. Josen kezkak musikala, Pasioa… antzezlanak, esate baterako.
Sukarri elkarteko kide zen Ana tere Bengoetxea ere. Dioenez, antolatzen zituzten ekitaldi horien guztien bitartez, Garitaonaindiak mezu askatzailea zabaldu gura zuen: «Bere mezua beti zen askatzailea. Beti esaten zigun etorriko zela herriak eta pertsonak askatuko zituen norbait. Hori izan zen sasoi hartan Gotzonek denoi barruan sartutako mezua. Uste dut inguru horretan ibili ginenok markatuta geratu garela. Oroitzapen baikorrak ditugu, zerbait egin dugulakoan gaude… nahiz eta orain gure herrian euskarak atzerapausoak eman dituen. Unibertsitatean euskaraz ikasten den arren, jendeak gutxi erabiltzen du». Sukarrin Garitaonaindiagaz ibilitakoak beti euskararen eta askatasunaren inguruan lanean ibili izan direla dio.
Nahiz eta erlijiosoa izan zen, Bengoetxeak ez du Garitaonandia «irudi erlijiosoagaz» lotzen, haren beste irudi bat dauka: «Oso soziala zen, beste mota bateko burua zeukan».
Garitaonaindia hil zenean, «mutututa» geratu zirela diote. «Proiektu asko genituen», dio Bengoetxeak. Horientzat guztientzat lider bat izan zen. «Berriro ekinean hasteko gogo barik geratu ginen».
Geroago, halere, Garbola taldea sortu zuten, eta urte bi inguru ibili zirela diote. Aipatu taldea ere, mendiko talde modura sortu zuten. Garitaonaindia hil ostean, ez zuten egin antzerki eta musikal gehiago: «Taldearen gasolina falta zitzaigun, eta ez genuen jarraitu horren indartsu».
Gotzon Garitaonaindia izena dauka Bermeoko euskaltegietako batek ere. Azaldu dutenez, Begoña Castañerok zabaldu zuen euskaltegia 70eko hamarkadan. Garitaonaindiagaz lotura handia zeukan: «Castañerok denda txiki bat zuen, han batzen ginen denok denetarako. Gero, euskal filologia ikasi zuen, eta denda zarratu eta euskaltegia zabaldu zuen. Garitaonaindiaren omenez eta esker ona adierazteko jarri zion izena euskaltegiari».