Foruko Udalak maskarak eta gelak banatu ditu herritarren artean
"Birusa geratzeko datorrela ikusita" erabaki dute banaketa egitea. Ongizate sailetik egindako proposamena izan da.
Foruko Udalak eskuetarako gel hidroalkoholikoa eta maskara berrerabilgarriak banatu ditu herritarren artean. Herritarrek etxebizitzetan jaso dituzte.
Foruko alkate Mikel Magunazelaiak azaldu duenez, etxebizitza bakoitzeko gel hidroalkoholiko bana edo bina banatu dituzte, bizi diren jende kopuruaren arabera. Bestalde, herritar bakoitzak maskara berrerabilgarri bana jaso du: “FFP2 maskara berrerabilgarriak banatu ditugu, homologatuak. Beltz koloreko maskarak dira, eta Foruko bandera txikia daukate aldeetako batean”.
Konfinamenduko unerik gogorrenetarikoan, “maskara kirurgikoak lortzea ere zaila zenean”, herritarren artean maskara kirurgikoak banatu zituztela gogorarazi du Foruko alkateak. “Orain, baina, birusa geratzeko datorrela ikusi dugu. Maskara leku guztietan erabiltzea derrigorrezkoa dela ikusita eta jende askoren egoera ekonomikoa zaila dela ikusita, modu horretan laguntzea erabaki dugu. Era berean, maskara kirurgiko asko ikusten gabiltza lurrean botata. Horregatik guztiagatik erabaki dugu maskarak berrerabilgarriak izatea”.
Ongizatetik bideratuta. Foruko alkateak Izaskun Arrieta Ongizateko zinegotzia aipatu gura izan du: “Urtero Ongizate Sailetik hainbat jarduera antolatzen dira. Horiek guztiak, baina, aurten bertan behera geratu behar izan dira. Orduan, Arrietak esan zuen jarduera horietara bideratzen den dirua erabilita banatu daitezkeela gelak eta maskarak, eta horrela egin dugu”.