Giroaren lehenengo astean, faboritoen mailan
Giroaren lehen astea sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du Pello Bilbao Lopez de Armentiak. Lehia hasi baino ez dute egin, eta faborito argirik barik, maglia arrosa lortzeko lehia zabalik dago.
Tourra, Munduko Txapelketa eta orain Giroa. Azken unean Bahrainen Giroko taldean sartu zen Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernikarra, eta bere laugarren Giroa den honetan indartsuenen parean ari da. Erregulartasunari eutsiz, lehenengo astean sailkapenaren goikaldean mantendu da.
Urriaren 3an hasi zuten Italiako lasterketa famatua, eta lehenengo bederatzi etapen ostean, sailkapenean hirugarren dago Bilbao, Joao Almeida liderrarengandik 39 segundora , eta Wilko Kelderman holandarrarengandik bederatzi segundora. Hain zuzen, domekara arte holandarraren aurretik egon zen gernikarra. Hala ere, liderrarenganako tartea murriztea lortu zuen Roccarason amaitutako etapan.
Monreale eta Palermo arteko erlojupekoagaz hasi zuten proba, eta lehenengo etapa hartan, gernikarra 25. sailkatu zen, Filippo Ganna munduko txapeldunarengandik 59 segundora. Biharamunean bederatzigarren helmugaratuta, hamalaugarren postura igo zen. Urriaren 5ean, Giroko hirugarren etapan sartu zen podiumean hirugarren, eta bi egun beranduago bigarren jarri, eta postu horri eutsi zion lau etapatan jarraian.
Asteburuan Apeninoetako mendiko etapak lehiatu ostean, gaur atseden eguna eduki daukate txirrindulariek. Bihar Lanciano eta Tortoreto artean 177 km-ko etapa egingo dute (10.etapa). Printzipioz zailtasunik gabeko ibilbidea da, baina amaiera aldapatsua dauka, eta desnibel askoko aldapa batzuk egokiak izan daitezke erasora jotzeko.
Urriaren 25era bitartean indarrak ondo gorde beharko dituzte txirrindulariek. Azken astea menditsua izango da; Alpeetako etapa gogorrei aurre egin beharko diete. Gaur gaurkoz, ez dago faborito argirik; lehia irekia dago, eta emozioa ziurtatuta.