Bueltan da Bermesex zerbitzua
Hamabost egunean behin emango dute zuzeneko arreta, barikuetan, 16:00etatik 17:30era.
Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udalak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa ematen duen Bermesex zerbitzua martxan jarri du berriro.
Udaletik gogorarazi dutenez, Bermesex zerbitzua sexuan eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa da. “Gazte bermeotarrei laguntzen zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen, euren adineko beste gazte batzuekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko”, azaldu du Gazteria saileko zinegotzi Alazne Zumetak. Helburu hori lantzeko, gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute. Orientzaioa bideratzeko hiru eredu kontuan izaten dituztela esan du: programa eredua, orientazio eredua eta teknologia eredua.
Orientazio ereduaren bidez ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartuko dituzte profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.
Programa ereduak, bestalde, proposamen ezberdinak eraikitzeko aukera eskainiko du. Sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak, besteak beste.
Azkenik, teknologia berriek gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte.
Ohi legez, Bermesex zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan eskaintzen dute. Zuzeneko arreta hamabostero eskaintzen dute, barikuetan, 16:00etatik 17:30era. Joan den barikuan hasi ziren, hortaz, urriaren 23an egongo dira berriro. Hala ere, beste zenbait aukera eskaintzen dituzte zerbitzuko arduradunagaz harremanetan jartzeko: Sare sozialak (Facebook, Twitter), posta elektronikoa (bermesex@bermeo.eus) edo telefonoa (644 89 86 61).