Zurdileak zorrozten ari dira basurdeak
Pare bat aste barru hasiko dute liga Ohorezko B Mailako taldeek, eta basurdeak gogor ari dira lanean denboraldi hasierara sasoian heltzeko.
Martxoan eten zitzaien liga, eta bi aste barru hasiko dute 2020-2021 denboraldia Ohorezko B Mailako taldeek.
Amaiera garratza eduki arren, aurreko denboraldi ona egin zuen Gernika RTk. Sailkapenaren goikaldean sartu eta igoera lortzeko itxaropena eta ilusioa eduki zituzten basurdeek. Baina sailkapen orokorrean bigarren postuari eutsiz, Getxo liderrarengandik zazpi puntura zeudela geratu zen bertan behera liga, osasu krisiaren eraginez. Kolpe gogorra izan zen, eta gerora, federazioak hartutako erabakia ere kolpe latza izan zen. Getxo RT Ohorezko Mailara igotzeko erabakia hartu zuen, Gernika RT aukera barik utziz.
Hortaz, denboraldi honetan ere, igoera postuetan sartu, eta orain dela bi denboraldi gero arte esandako maila gorenera bueltatzeko helburua lortzeko lan egingo dute. “Helburua iazko bera da: liga erregularrean goiko taldeen artean egon, eta play off-ak jokatzea, ahal bada Ohorezko Mailara igotzeko. Momentuz hori da gure helburua”, esan du Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak.
Liga aldaketekin dator: “Liga desberdina izango da, buelta bat eta erdi bakarrik jokatuko dugu, eta gero, play off-ak partidu batera izango dira; lehen bitara izaten ziren”. Gaur ezagutuko dute egutegia. “Egutegia aztertu, eta horren arabera egingo dugu planifikazioa”.
Eduardo Maidagan (Gernika RTren entrenatzailea) “Play off-ak jokatzea izango da helburua, ahal bada Ohorezko Mailara igotzeko”
Martxotik uztailera ez dute talde modura entrenatzeko aukerarik eduki, eta momentuz, 30 bat jokalariko taldea ari da entrenatzen. “Uztailean Espainiako Federaziotik ohar bat bidali ziguten esanez agian irailean hasi ahalko genuela liga. Orduan, protokoloa egin eta aurkeztu genuen, eta entrenamenduekin hasteko baimena eman ziguten”, azaldu du. Hala, etxean eta kalean norbere kontura entrenatzetik taldeko lanera bueltatu ziren, beti ere protokolo guztiak betez. Abuztuaren erdialdera herrian agertutako COVID kasuengatik hamabost bat egun egon ziren entrenatu barik. Irailetik, normaltasunez ari dira entrenatzen, baina aldagelak itxita dituzte.
Denboraldi-aurrean Hernani CRE eta Ampo Odiziaren kontra lagunartekoak jokatu dituzte. Azken horren kontrakoa zapatuan eduki zuten Altamiran. Hainbeste denbora aurkarien kontra indarrak neurtu barik egon direnez, momentuz «sentsazio arraroak» dituztela dio Maidaganek, “urduritasuna eta jendea apur bat larri” sumatu dute. “Baina ondo ari gara; bagoaz astiro-astiro tonua hartzen, eta ikusi beharko da gauzak zelan doazen. Egoera honekin ez dakigu bihar zelan egongo garen. Egunero-egunero eta astiro-astiro joan behar dugu”.
Fitxaketak
Atzerritik etorri berriek pare bat aste baino ez daramatzate Gernikan, eta momentuz ondo ari dira. “Urtea luzea izaten da, eta ikusiko da fitxaketekin asmatu dugun ala ez”. Hain zuzen, pandemiak fitxaketei ere eragin die, fitxaketak egitea aurrekoetan baino zailagoa izan baita klubentzat: “Gaitzagoa izan da; Argentina dena egon da zarratuta, eta Hegoafrikan ere erdi zarratuta daude oraindik. Zeelanda Berrian eta Australian gu baino egoera hobean daude, eta hona etortzeko ez daukate horrenbeste prestutasun. Azkenean, behar asko egin eta gero lortu dugu fitxaketak egitea, eta gehienak hemen daude, eta falta direnak ea laster heltzen diren”.
Aurreko denboraldiko etxeko jokalari ia denek jarraitzen dute. “Baja bi eduki ditugu: Antxon Zearreta eta Eneko Zabala. Eta jende gaztea igo da goiko taldera. Aurreko denboraldian atzerriko bederatzi jokalari eduki genituen, eta horietatik bi geratu dira: Federico Stein argentinarra eta Simon Lilicama filianoa. Aurten, atzerriko bost jokalari ekarri ditugu, eta probak egiten beste hiru gazte argentinar etorriko dira. Denak ez dira heldu, baina liga hasierarako denak etortzea espero dugu. Facundo Lamas, Francisco Bottoni, Stein eta Estanislao Renthel argentinarrak, Fagu Malloy samoatarra, Lilicama filianoa hemen daude dagoeneko”.
Taldea Urbietan etxekoen artean lehiatzen ikusteko gero eta gutxiago falta da. Dagoenerako futbol partiduak publiko barik lehiatzen ari diren bitartean, saskibaloikoak aforo mugatuagaz jokatzen ari dira, eta errugbian ere horrela izatea gura dute: “Federaziotik eta Kirol Batzorde Gorenetik igorritako zirkularrean aforoagaz egin ahal dela jasotzen da, baina udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku gaude. Ikusi dugu saskibaloikoetan ikusleak daudela, eta guk pentsatzen dugu guk ere sartu ahalko dugula publikoa. Zapatuko Ordiziako lagunartekoan jendea egon zen ikusten. Protokolo bat eduki beharko dugu, eta horregaz aurrerantza joan. Normaltasunez ari gara beharra egiten, eta ea posible den gure bazkideek eta zaleek partiduak ikustea, eta denon artean normaltasun apur bat ematea egoera honi. Ostera antzean, hau oso gogorra eta aurrera egiteko oso gaitza izango da”.