"Euskaraz eta alaitasun osoz, balore hezitzaileak eskaintzea da helburua"
Iaz, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian egin zuen lehen agerraldia Motx pailazoak, eta Gabonetan egin zuen bigarrena. Koronabirusak behartuta, geldialdia egin behar izan du.
Noiz hasi zen Motx pailazoaren ibilbidea?
Orain dela bi urte eta erdi hasi nintzen Bermeoko antzerki tailerrean. Hala ere, txikititak gustukoak izan ditut pailazoak eta horien ikuskizunak; Pirritx, Porrotx eta Marimotots edota Txirri, Mirri eta Txiribiton jarraitu izan ditut. Txikiagotan pentsatzen nuen, zerbait egiteko gai izango nintzela, gai ikusten nuen neure burua. Behin antzerki tailerrean hasita, beste mundu bat zabaldu zitzaidan. Ezagutzen ez nituen beste gauza asko ezagutzen hasi nintzen. Hala ere, kasualitatez hasi zen dena. Maite Zarate Bermeoko Udaleko euskara teknikariari komentatu nion pailazo modura hasteko asmoa nuela. Euskaraldiaren aurkezpena prestatzen ari zirela esan zidan, eta aurkezpen horretarako zerbait prestatu nezakeela. Astebete baino ez nuen zerbait prestatzeko. Baina animatu egin nintzen, eta Euskaraldiaren aurkezpenean egin zuen Motx pailazoak bere lehenengo agerraldia; 10 minutuko ikuskizuna eskaini nuen. Denboran zain ibili ostean, astebeteko epean dena sortu zen, ustekabean.
Zelan joan zen lehenengo ikuskizuna?
Kontuan hartuta Motx pailazoaren lehenengo ikuskizuna zela, uste dut dena ondo joan zela. Hortik aurrera, pertsonaia honegaz jarraitzea erabaki nuen. Aintzane loradendan egin nuen bigarren ikuskizuna. Gabonetan umeei zuzendutako jaialditxo bat egiten du, eta gonbidapena jaso nuen. 2020a hasi eta entseguak egiten hasi nintzen, pailazoaren pertsonalitatea eta mugimenduak bilatzen batez ere. Martxoan, hala ere, denok dakigun moduan, koronabirusaren eraginez, geldialdia etorri zen.
Agertoki gainean zelan ikusten duzu zure burua?
Oso ondo sentitzen naiz, eta asko gustatzen zait, gainera. Umeekin egotea asko gustatzen zait. Eurei zuzendutako ikuskizuna izanik, garrantzitsua da umeak gustatzea. Euren mundua ulertu behar da, eta eurekin gustura sentitu, euren mailara jaitsita beharrezkoa denean.
Lan handia ematen al du pertsonaia bat sortzeak?
Lana ematea baino, denbora behar dela esango nuke. Garrantzitsua da ondo jakitea zelakoa den zure burua, zure alter egoa bilatzeko, eta horretan ibili naiz.
Zer eskaini gura du Motx pailazoak?
Printzipioz, euskaraz eta alaitasun osoz balore hezitzaileak eskaintzea da helburua. Antzerki taldeak dauden arren, ez dut uste Busturialdean beste pailazorik dagoenik, eta egotekotan ez dut ezagutzen. Hortaz, ea ikuskizuna eskualdera zabaltzeko aukera dagoen. Sare sozialetatik edukiak zabaltzeko asmoa ere badaukat, beti ere, edukiak euskaraz izango dira.
Eskainiko duzun ikuskizuna zelakoa izango da?
Pailazo mota asko daude, nirea umeei zuzendutako saioa izango da. 5 eta 6 urtetik gorako umeei zuzendutako saioetan pentsatzen nabil. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskaintzen dituzten ikuskizunen ildoa jarraitzea izango litzateke asmoa. Tradizionala apur bat atzean utzita, baloreetan oinarrituta egotea nahiko nuke. Nahiz eta hasieran, agian, pailazo klasiko edo tradizionaletan oinarritutako ikuskizunekin hasi beharko naizen, gerora, nik neuk sortutako gidoi bati jarraitzea izango litzateke asmoa.
19 urtegaz oraindik pailazoak ikusten joaten zaren horietako bat zara.
Bai, sarri joaten naiz Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunetara;10 urte baino gehiago ezagutzen ditudala. Egin gura dudanerako ona da, gainera, horiek ikustera joatea, eurak zelan lan egiten duten ikusteko. Beti izan ditut euren taldearen ateak zabalik. Gura dudanerako hor dauzkat. Babesa eta bultzada sumatzen ditut. Maite Zarate euskara teknikaria ere aholkulari ona dut.
Bakarrik ari zara edo antzerki taldetik laguntzen dizute?
Proiektua pertsonala da, baina garrantzitsua da ondo inguratuta egotea. Taldekoei esan diet interesa badaukaten, nigaz batera parte hartu ahal dutela. Egia da hasiera batean, beharbada, dena martxan jartzea nekagarria izan daitekeela, baina gerora begira ez litzateke txarto egongo pertsonaia berriak gehitzea.
Agertoki gainera bakarrik igota, ikara apur bat ez al du ematen?
Pandemia baino lehen proiektu bat egin nuen, lehenengo ikuskizunera begira. Gidoia egiterakoan konturatu nintzen zaila dela pertsona batek bakarrik agertoki guztia betetzea. Egia esan, nire hasierako proiektua handiagoa eta profesionalagoa zen; gauza eta objektu asko aurreikusten nituen. Buruan neukan guztirako, gutxienez, bi pertsona ziren beharrezkoak. Antzerki tailerreko bategaz adostasun batera iritsi nintzen, baina pandemia etorri zen, eta proiektu hori bertan behera, edo momentuz, standby-en dago. Udan, beste ideia bategaz lanean hasi naiz, eta bidea hartu du dagoeneko. Oraingo honetan, nik neuk bakarrik egiteko moduko ikuskizuna prestatu dut, txikiagoa eta leku guztietan egiteko modukoa, moldatzeko modukoa da. Oraingo proiektu hau familiarragoa ere badela esango nuke. Gaur egun, gainera, gauden egoera honetan, gauza txikiak prestatu behar dira.
Nondik dator izena?
Izenak laburra izan behar zuela pentsatu nuen, arazorik barik ahozkatu ahal zena. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin lotura bat modura eginda, Motx pailazoa jartzea erabaki nuen.
Herritarrek ezagutzen al dute Motx pailazoa?
Nire inguruan dauden pertsonek eta antzerki tailerraren inguruan mugitzen diren pertsonek bai badakite Motx pailazoak ibilbideari ekin diola, beste guztiek ez dut uste. Pandemiagaz ez dut denbora askorik izan.
Uste duzu pailazoen ikuskizunek urteekin aldaketak izan dituztela?
Pertsonalki aztertuta, niretzako bai. 3 urtegaz pailazoak pertsonai magiko modura ikusten dituzu, barregura sortzen dizuten pertsonaiak dira. 10 urtegaz, klik egin, eta atzean zer dagoen konturatzen hasten zara. Orain, 19 urtegaz, atzean dagoen lan guztia ikusten dut. Uste dut gaur egun umeekin lan egitea askoz ere errazagoa dela. Umeak beti ume dira, eta bidea ondo markatzen jakin behar da, bai eta gol on bat sartzen ere.
Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Oraindik lan handia daukat egiteko, eta ez dakit, gainera, gauzak zelan joango diren. Koronabirusaren honegaz guztiagaz inork ez daki gaur egun gauzak zelan joango diren. Ezin dut epe luzera begiratu, bihar dena aldatu daiteke eta! Ezjakintasunak ikara apur bat ematen du. Hala ere, gauzak bide onean baldin badoaz, uste dut datorren urtean zerbait aurkezteko gai izango naizela, txikia bada ere. Nahiz eta bidean oztopoak aurkitu ditudan, gogotsu eta indartsu nago.
Sare sozialetatik zabaltzea pentsatu al duzu?
Konfinamendu garaian askok esan zidaten bideoak igotzeko, umeak ere orduan aspertuta zeuden eta. Hasi berri nengoen, eta etxean ez neukan ezer, mozorroa ere orain nabil amaitzen, pertsonala egin dut, neure gustura