Eako hondartza seguruenetakoa eta, Aritzatxugaz batera, garbienetakoa
Hondartzen balorazioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak; COVID-19k sortutako egoerak ez du eragin nabarmenik izan hondartzen erabileran
Balorazio oso ona izan dute Bizkaiko hondartzek aurten. Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 7,92ko puntuazioa jaso dute Bizkaiko hareatzek aurtengo denboraldian. Inkestatik ateratako ondorioen artean, hamar pertsonatik zazpi seguru sentitu dira hareatzan zein uretan gorde beharreko distantziei dagokienez.
Segurtasuna da inkestatuek ondoen baloratu dutena: ondartzan seguru sentitu diren pertsonen ehunekoa %77,9 da, eta, uretan, seguru sentitu direnena %74,9. Segurtasunean puntuaziorik altuenetakoa izan du Eako hodartzak (9,22), Arriatera-Atxabiribilen atzetik (9,30). Garbienetakoa ere izan da; 8,56ko puntuazioa eman diote, eta Aritzatxu hondartzako garbitasunak ere balorazio ona izan du (8,21). Zerbitzu eta ekipamenduek 7,17ko puntuazioa izan dute, arlo horretan 2019an lortutako puntuazioa baino txikiagoa. Hori, dutxa-kopuruari buruzko balorazioan (aurten 6,36) izandako beherakadaren ondorioz izan dela zehaztu du aldundiak balorazioa egiterakoan. Izan ere, aurten dutxa gutxiago jarri dira, halako ekipamenduen erabiltzaileen arteko distantziak mantentzea bermatzeko.
Koronabirusaren pandemiak ia eraginik ez du izan hondartzen erabilerari dagokionez. Iazko datuekin alderatuta, hondartzetara joandakoen kopuruak % 6,48 egin du behera –2.708.560 lagun joan dira hondartzara–, baina inkestari erantzun diotenen %58,9k adierazi du iaz beste bider joan dela hondartzara; beste %12,9k, berriz, iazko udan baino gehiagotan. Egunero edo astean bizpahiru egunetan joan diren pertsonen ehunekoak ere zehaztu ditu aldundiak: 2020an % 53,4 eta 2019an % 53,1.
Ume gehien hartu dituzten hondartzen artean, Laida aipatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala ere, azterketak dio denboraldi honetan apur bat igo dela hondartzara ume barik joan direnen kopurua: aurten, hamarretik zortzi izan dira; iaz, hamarretik zazpi.
Hondartzak itxi beharra. Udalekin batera okupazioa kontrolatzeko ezarritako dinamikarekin bat, 20 hareatza itxi dituzte uda honetan, 20 egunetan. Abuztuaren 19an eta railaren 13an 9 hondartza itxi behar izan zituzten aldi berean; tartean, Aritzatxu eta Laga. Egun bietan, marea altuek eragina izan zuten. Denboraldian zehar, anbar-koloreko bandera —istripuen prebentzio, sorospen eta laguntzarako zerbitzuak hondartzetako okupazio altua seinaleztatzeko erabilitakoa— 300 bat aldiz igo dute Bizkaiko hondartzetan; hori, batzuetan, behin baino gehiagotan gertatu da hondartza berean eta egun berean. Oro har, egun eguzkitsuetan gertatu da hori, itsasgora zegoenean.
Hondartzek uztailean eta abuztuan izan dituzte erabiltzaile gehien (1.055.914 eta 785.736, hurrenez hurren). Eta sorosleek 5.099 pertsona artatu dituzte denboraldi osoan. Horietatik 98 eraman behar izan dituzte ospitalera.
Hondartzen denboraldiak iraun duen bitartean, guztira 442.730 kilo hondakin batu dituzte. Aurten, koronabirusaren arriskuagatik, zakarrontzi gutxiago ipni dituzte hareatzetan.