Martxan hasteko prest dira Bermeoko Berbalagunak
Ahozko euskara hobetu gura dutenentzako zein euskara ondo dakitenentzako bilgunea da Berbalagun.
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura duen Berbalagun egitasmoa jarriko dute martxan, beste urte batez, Bermeon.
Euskaraz berba egin gura dutenen topagunea izanik, ahozko euskara hobetu gura dutenentzako zein euskara ondo dakitenentzako bilgunea da Berbalagun. Izan ere, lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen dizkie parte hartzaileei.
Normalean, 5-6 laguneko taldeetan batzen dira, eta taldeak osatzeko kontuan hartzen dituzte parte-hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena izanik, mintzataldeak gura edo ahal duten tokian geratu daitezke. Hau da, izena ematen dutenek erabakitzen dute non eta noiz batu.
Gaur egin dute Bermeoko Berbalagun egitasmoaren ikasturte berriaren aurkezpena. Gogorarazi dutenez, ez da eskola bat, aisialdian egiteko egitasmo bat baizik. “Parte hartzeko euskaraz egiteko gogoa baino ez da behar”, esan zuen Euskara zinegotzi Kepa Zumetak.
Berbatalde berriak hilabete honetan hasiko dira martxan, Bermeon, hala ere, iazko lau talde jadanik martxan hasita daudela azaldu dute.
Aurtengoa urte berezia izango dela gogorarazi dute, momentuko egoerak aginduko duela gaineratuta. Berbataldeek aurrez aurre elkartzerik ez badute, sarean ariko dira, udaberrian egin zuten modura. Udaberrian Berbalagunek egindako ahalegina eskertu gura izan du Maite Zarate Bermeoko euskara teknikariak: “Sarean ibili ziren gelditu barik, eta parte hartze handiagaz, gainera”.
Berbalagun egitasmoaren baitan, hainbat ekintza osagarri antolatzen dituzte euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Programa zabala eskaintzea aurreikusita badaukate ere, unean-uneko osasun egoeraren arabera erabaki beharko dute egin daitezkeen edo ez. Hori bai, diotenez, egiten diren ekintza guztiek “zorrotz” beteko dituzte indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak.
Lehiaketa eta Gurasolagun. Udazken, negu eta udaberriko lehiaketak ere antolako dituzte. 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake, Berbalagun kide izan edo ez. Ohi legez, Berbalagun aldizkarian eta sare sozialetan argitaratatuko dituzte galderak, eta bide horiek erabiliz eman beharko dira erantzunak. Aurten, gainera, udalak etxebizitzetara bidaltzen duen Bermeon zer? agendan ere argitaratuko dute lehiaketa: azaroan, otsailean eta maiatzean. Irabazleek Errigorako otzara jasoko dute saritzat.
Aurten ere gurasoek eta seme-alabek euskaraz berba egiteko aukera izango dute Gurasolagun ekimenaren bitartez. Kasu honetan ere, momentuko egoerak baldintzatuko du zer den egin daitekeena.
Honako lekuetan eman daiteke izena: AEK (609 46 20 18) eta Gotzon Garitaonaindia (688 65 14 91) euskaltegietan, Hizkuntza Eskola Ofizialean (94-618 70 91), Bermeoko Udalaren Euskera Sailean (94- 617 91 22) Marimar Hernandez dinamizatzaileari (607 60 95 80) deituta. Sare sozialen bitartez ere eman daiteke izena, berariaz prestatutako inprimakia beteta.