Arrantzaleen Kofradia handitzeko lanak amaitu dituzte
Modulu berria egin dute; etorkizunean modulu berri horretan kokatuko dute izotz fabrika.
Sei hilabeteko lanen ostean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Erroxape kaian kokatuta dagoen Arrantzaleen Kofradia handitzeko lanak amaitu ditu.
Lanon aurrekontua milioi bat euro ingurukoa izan da. Handitzeko lanek errespetatu egin dute lehengo eraikina. Hortaz, arkitekturari dagokionez, “bat egiten dute lehendik zegoenak eta orain eraikitakoak”.
Modulu berriagaz, hiru espazio modulagarri lortu dituzte beheko solairuan. Jakitera eman dutenez, modulu berria biltegi modura erabiliko da, bai eta etorkizunean izotz fabrika bertan kokatzeko ere. Hala ere, arraina saltzeko ere erabili ahalko dute, harrapaketak apartekoak direnean, kontuan hartuta hiru moduluak komunikazio-ardatz bategaz lotuta daudela, kaxak, izotza eta arraina garraiatzen diren lekuaren ondotik, hain zuzen ere.
Handitzeko lanak egin ostean, Arrantzaleen Kofradiak 3.284,24 metro koadroko azalera dauka orain, eta horietatik 2.642,28 metro koadro beheko solairukoak dira. Azaldu dutenez, lehenengo solairua gerora handituko balitz, karga jasogailu bat jartzeko aukera egoteko lekua ere utzi dute.
Izotz fabrika kokaleku berrira aldatzen dutenean, batik bat berdela amuagaz eta hegaluzea harrapatzen dituzten Bermeoko 24 ontziek (130 arrantzalek osatuak) espazio berri bat edukiko dute kofradiarako ontziak biltegiratu eta garbitzeko. Hori guztia onuragarria dela diote udalerriaren garapen integralerako.
Hiru helburu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hiru helburugaz ekin zion Arrantzaleen Kofradia handitzeko proiektuari. Alde batetik, bete egin behar ziren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eskakizunak; hau da, arrain kutxen eta tinen biltegiratzerako beharrezkoak diren higiene eta osasun baldintzak bete behar zituzten, lonjaren egitekotik sortu ahal diren eskariei “behar bezala erantzuteko”. Orain arte biltegiratzeko gunea arrain lonjatik kanpo zegoen, 200 metrora.
Bestalde, eraikina handitzean, gerora barruan hartuko duen izotz fabrika eraikitzeko aukera eman behar zuen, “siloari, itsasontziei eta kamioiei hornidura egokia eman ahal izateko”.
Azkenik, Europa eta Espainiako Estatuko zuzentarauetatik datozen energia aurrezteko eskakizunetara egokitu behar zituzten inguratzailea eta instalazioak.