Mape errekak gainezka egin du Busturiko San Kristobal auzoan
Kortezubin ere Oma errekaren ibaiadar batek gainezka egin zuen zapatuan euriteen eraginez; biribilgunea urez bete zen, eta autoek zailtasunak izan zituzten.
Haizea, euri zaparradak eta olatu handiak aurreikusten ziren astebururako, eta horien eraginez, arazoak egon dira Busturialdeko zenbait herritan, batez ere, zapatuan. Busturian, esate baterako, Mape errekak gainezka egin zuen San Kristobal auzoan, eta Kortezubin, Oma errekaren ibaiadar batek ere gainezka egin zuen.
Zapatua errekei begira igaro zuten Busturialdean. Euri zaparrada eta itsasgoragaz, errekek gainezka egiteko arriskua zegoen. Goizeko itsasgoragaz etorri ziren arazoak. Busturian, San Kristobal auzoko bi puntutan egin zuen Mapek gainezka: baselizaren ondoan eta Presapen. Zenbait lonjetan ura sartu zela esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak; “baina kalte handirik ez da egon”. Dioenez, 09:00ak aldera egin zuen gainezka errekak, eta eguerdi aldera egoera “lasaitu” egin zen. Arratsaldeko itsasgoraren zain geratu ziren, baina, “zorionez”, ez zen ezer gertatu: “Euri gutxiago ere egin zuen”.
Euri asko egiten duenean itsasgorari begira egoten dira askotan busturiarrak, Mapek gune horietan “sarri” gainezka egiten duelako: “URAkoekin baten baino gehiago egon naiz, eta konponbide askorik ez dagoela diote. Bere garaian etxebizitzak hor eraiki ziren arriskua bazegoen ere, hortaz, ez dago askorik egiteko. Dragatzea posiblea zen galdetu nien, eta errekak ezin direla dragatu esan zidaten, denbora gutxian bere onera bueltatzen baitira. Errekak ondo mantendu beharra daukagu, ahalik-eta arazo gutxien sortzeko”.
Kortezubin ere zapatu goizean egon ziren arazoak. Oma errekaren ibaiadar batek gainezka egin zuen, eta errepidea urez bete zen, biribilgune ingurua, batez ere. Horren eraginez, autoek zailtasunak izan zituzten.
Haizea ere zakar ibili zen, batez ere, zapatuan. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak emandako datuen arabera, Matxitxakon orduko 148 kilometroko haize bolada neurtu zuten zapatuan.
Olatuek ere gogor jo zuten asteburuan Mundakan eta Bermeon; zortzi metrotik gorako olatuak egon ziren. Bermeoko portuko zenbait txalupetan ura sartu zen, eta txalupetatik ura ateratzen eman zuten zenbait jabek zapatu goiza.
Bermeoko Herri Babeseko boluntarioek ere lan nahikoa eduki zuten; besteren artean, jausitako zuhaitzak kentzeko lanak egiten ibili ziren.