Lointek Gernika Bizkaia esku hutsik bueltatu da Gironatik
Gernika-Lumoko taldeak 60-41 galdu du Spar Gironaren kontra ligaren 3. jardunaldian.
Ahazteko modukoa izan da ligaren 3. jardunaldia Lointek Gernika Bizkaiak. Spar Gironaren kontra 60-41 galdu zuen atzo, Fontajaun.
Saskiratzeetan zorte barik, eta Gironaren jokoa geratu ezinik ibili zen talde gernikarra. Lointekeko Roso Buch eta Nadia Colhado bisitari moduan bueltatu ziren euren etxea izandakora, eta ikusmina zegoen. Katalana deseroso zegoen, eta pibot brasildarrak, ostera, gogotsu eta ardurak hartzeko erantzukizunagaz hasi zuen partidua. Marge Roundtree taldeko erasoko iparrorratz nagusietako bat da, eta bere saltsan zegoen, saskiratzeetarako bertikal eta erasokor. Bost puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (15-10). Jarraian, Gironako Giedre Labuckiene pibot lituaniarrak lau saskiratze egin zituen, partidua hautsiz. Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak hutsartea eskatu zuen. Baina, Lointek Gernika Bizkaia ezinean ibili zen: erasoan erritmoa aurkitu ezinik, baloi asko galtzen eta jaurtiketetan gutxi asmatzen. Etxekoek, ostera, euren jokoa egiteko ez zuten arazorik eduki. Partidua kontrolpean edukita, gustura zebiltzan. Hamar puntutik gorako errentak dira horren adierazgarri.
Lehen zatian 16 puntu baino ez zituen lortu talde gernikarrak, eta 30 puntu Gironak. Izen handiko jokalariak dituen taldea da Girona, eta huts eginez gero, ez dago atzera bueltarik.
Atsedenalditik bueltan, Julia Reisingerova pibot txekiarrak min handia egin zien Lointekekoi. Kantxaren jaun eta jabe egin zen. Lointeketik Roundtreeren ahalegin nekaezinak ez zuen fruiturik eman. Naiara Diez kapitaina kantxaratu, eta taldeari behar zuen bultzada eman zion. Bere hirukoak taldea itzartu zuen. Defentsan pauso bat eman zuen. Erasoan zorterik ez zeukatela eta, atzean sendo mantentzera behartuta zeuden. Hirugarren laurdenean Frida Eldebrink suediar eskolta nabarmendu zen etxeko jokalarien artean, hamar puntu lortuta.
52-26ko markagailuagaz ailegatu ziren azken laurdenera. Lointekek bere nortasun ikur den harrotasuna erakutsi zuen. Jaurtiketetan zorte hobea eduki eta aurkariaren jokoa geldiarazteko zereginean asmatu zuen. Hamabost puntu egin zituen, eta etxeko taldeak zortzi. Baina, azken minutuetan partiduari buelta ematea zaila da.